2011/09/08


Legegintzaldi berria ere, zoritxarrez, aurrekoaren bidetik

Udal gobernuaren lana oztopatzea izan zen EAJ eta PSE-EE alderdien zinegotziek aurreko legealdian eduki zuten helburu politikoa. Aurtengo hauteskundeen ostean, politika egiteko modu arduragabe horrekin bukatzeko garaia zela ulertuta, Bildutik elkarlanerako proposamena luzatu genien bi alderdi horiei. Gobernu-taldearen osaketa zein batzordeburuen izendapenak guztien artean banatzeko proposamena luzatu genien horretarako. Ezezko erantzuna jaso ostean Bilduko zinegotziekin osatu genuen gobernu taldea.

Azken kapituloa Debabarrenako mankomunitaterako ordezkaria izendatzearekin ari gara bizitzen. Soraluzeko udalean eta mankomunitatean ordezkari bakarra duten inguruko herri guztietan gobernuan dagoen aldeardiaren ordezkariak izendatu izan dira beti mankomunitaterako. Ba orain EAJk eta PSE-EEk Iker Aldazabal izendatu nahi dute soraluzeko ordezkari mankomunitatean. Zein da horretarako arrazoia? Ba Zubietako erraustegirako Bilduk proposatutako moratoriaren kontrakotasuna bermatzea debabarrenako mankomunitatean.

Baina hara non gure herrian oraindik ordezkaria izendatu gabe badago ere, beste herrietako ordezkariak uztailean izendatu zirenez dagoeneko martxan da mankomunitatea. PSE-EEko ordezkari bat izendatu dute lehendakari, eta mankomunitatean gehiengo absolutua daukate PSE-EEk eta EAJk.

Ondorioz, moratoriaren aurkakoek gehiengoa ziurtatuta daukate jadanik mankomunitatean. Beraz, ze lortu nahi dute Ikerren izendapenarekin? Ba argi dago, udal gobernuaren lana oztopatzen jarraitzea.

Politika egiteko modu arduragabe horrekin Bilduko ordezkarioi lana zailduko digutela dudarik ez dago. Baina benetan kaltetzen dutena Soraluzeko herria eta ondorioz herritarrak dira.

Gu ahaleginduko gara bizi dugun egoera ekonomiko larri honetan ahalik eta modurik arduratsuenean jokatzen, eta benetan estimatuko genuke udaleko beste zinegotziek ere laguntzeko borondatez egingo balute beraien jardun politikoa.

Bildu Soraluzeko zinegotziak

No hay comentarios:





© 2008 Soraluzeko Eusko Alkartasuna
Telefonoa 943 75 18 48
easoraluze@gmail.com