2011/09/03


Madrilen aurrean benetako batasuna sortzeko deia egin dio soberanismoak EAJri



Ezker Abertzalearen, Eusko Alkartasunaren eta Alternatibaren iritziz, PSOEk eta PPk bultzaturiko espainiar Konstituzioaren erreforma Estatu espainiarra murgilduta dagoen krisi sistema sakonaren ispilu baino ez da. Beste estatu batzuen moduan pairatzen duen krisialdi ekonomiko bortitzak ez du Estatu espainiarrak bizi duen sistema krisi sakona, krisi politiko latza, ezkutatzen. Gaur gaurkoaz Estatu espainiarrak ez du gaitasunik langile klaseari eskubiderik bermatzeko ez eta demokrazia gehiago eskatzen duten herritarrei aterabiderik eskaintzeko. Era berean, dagozkigun eskubideak urratuak dauzkagun nazio gatibuoi, inolako alternatibarik eskaintzako ezgaia da.

Eredu krisi sakon batean murgildurik dagoen Estatu espainiar bat daukagu aurrez aurre, krisi instituzional, demokratiko eta ekonomiko sakoen murgilduriko estatua. Eskubideak eta askatasunak gehiago murriztuz egin dio aurre Estatuak krisialdi honi, krisialdi ekonomikoaren zama eta ardura langile klasearen bizkar gainean kokatu duen bitartean.

Orain PSOEk eta PPk Konstituzioa aldatu nahi dute. Bi aste eskasetan, beste indar politikoekin oinarrizko akordioetara iristeko saiakerarik burutu gabe eta bereziki, herritarrei galdetu gabe, Estatuko bi alderdi politiko nagusiek euskal jendartearen borondatearen eta etorkizuna erabakitzeko eskubidearen bahiketaren ikurra den totem ukiezin eta aldaezina den Konstituzioa erreformatu nahi dute. Horrela, merkatuen diktaduren ondorioz, gure herriarentzako egiazko demokrazia baten ukazioaren oinarria mugiezina dena aldatua izango bi aste eskasetan.

Ongizate Estatuaren erabateko desegituraketa prozesuan sakontzea dakar defizit publikoaren inguruko Konstituzioaren erreforma honek. PNVren babesari esker onartu ziren lan eta pentsio erreformek dagoeneko ia akabatua zuten Ongizate Estatuari eraso zuzena da. Eredu neoliberalaren inposatze konstituzionala dakar erreforma honek. Era berean, politika publikoak garatzeko instituzioen gaitasuna are gehiago murriztuko da. Zer esanik ez dagoeneko baldintzaturik diren Gasteiz eta Iruñeko instituzioen politika publikoei dagokienez.

Horrela bada, premiazkoa da burujabetza politiko eta ekonomiko osoko euskal esparru bat eraikitzeko indarrak metatzea; aberastasunaren banaketa justuan oinarrituriko eredu sozial bat bermatuko duten aurrekontu politika eta politika fiskalei ekitea bermatuko duen esparrua. Euskal Herrian badaude horretarako baldintza politiko, sozial eta ekonomiko nahikoak.

Premiazkoa da ere demokrazia errealeko esparru bat eraikitzea; eskubide osoko esparru bat non herritarren borondate askea izango den erabaki politiko eta ekonomikoen oinarria. Demokraziara eramango gaituen egiazko trantsizio baten beharra du Euskal Herriak.

Euskal Herriak garai historikoa bizi du, duela hainbat hamarkadetatik pairatzen dugun gatazka politiko eta armatuaren konponbide definitiboaren atarian gaude. Momentu historiko honek ausardia eskatzen du. Garai honek interes alderdikoiak alde batera uzteko exijitzen du. Herri bezala pentsatu eta Madrilen herri honen existentzia zein gizon eta emakumeon libre erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko momentua da. Argi dugu, herri bezala eta erantzukizunez jarduteko garaia da hau. Ez da Madrilekin paktuak egiteko garaia, Euskal Herrian akordioetara iristeko garaia da, gero Madrilen Herri gisa negoziatu ahal izateko.

PSOEk eta PPk planteatzen duten 1978ko Konstituzioaren erreformak balio handiago bat ematen dio herri bezala dagozkigun eskubideen defentsarako aliantza bat osatzeko Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak eginiko proposamenari. Demokrazia, onarpena eta eskubideak exijitzeko ahotsak eta borondateak batzeko garaia da.

Une historiko honetan altu eta ozen esan behar dugu Espainian indarrean den eredu politiko, ekonomiko eta sozialaren aurrean, badela euskal nazio bat, bere etorkizunaren jabe izan nahi duena, bake eszenario bat eskatzen duena, bere onarpena eta soluzio demokratikoak eskatzen dituena, Europaren baitan nortasun instituzional propioa izan nahi duena, Europan Estatu bat izan nahi duena herritarrek hala erabakitzen badute demokratikoki, bere aldarrikapen nazionala pertsonengan oinarritutako eredu sozial batekin txertatu nahi duena, justizia eta demokrazia sozialean oinarritua, merkatuen inposizioaren aurrean errebeldia erakutsiz.

Horregatik, autodeterminazio eskubidearen defentsa ezin dela ikuspuntu electoral soiletik egin deritzogu. Gure nazio eskubideen defentsak Madrilera herri bezala joatea eta jarduteak exijitzen du, ez bakoitza bere albotik. Euskal Herriaren gehiengoaren aldarrikapen zilegi eta demokratikoei Estatu espainiarrak ematen dien ezezko iraunkorrari ezin zaio aldebakarreko planteamendu alderdikoiekin erantzun. Momentuak Herri erantzun herritar bat exijitzen du.

Horregatik gaurkoan, berriro ere, deia luzatzen diogu Euzko Alderdi Jeltzaleari gure herriaren etorkizunari aterik itxi ez diezaion. Herri interesen defentsa bateraturako deia luzatzen diogu. Moncloako maizterrarekin tratu txikietan haritu beharrean eta Espainiako gobernuan egongo den alderdiak ezarri nahiko dituen neurri antisozialek aurrera egin dezaten babesa eman beharrean, herri ikuspegia lehenesteko deia luzatzen diogu. Hausnarketa eskuzabal eta anbiziosoa egiteko deia egiten diogu, berau Herri ikuspegiz eta interes politiko zehatzetatik kanpo egiteko deia luzatzen diogu. Euskal jendarteak eta bizi dugun momentu erabakigarriak horrela eskatzen du.

Jatorria: Eusko Alkartasuna

No hay comentarios:





© 2008 Soraluzeko Eusko Alkartasuna
Telefonoa 943 75 18 48
easoraluze@gmail.com