2009/03/30


Koldo Amezketa: «EAJrekin loturak haustea ona da, garesti ordaindu badugu ere»

Eusko Alkartasuna alderdiko presidenteordea

Hiru hilabeteetarako hartu du EAko lema. Bitarte horretan, EAEko hauteskundeek utzitako zauriak sendatzen eta proiektuaren inguruan borondateak biltzen ahaleginduko da. Bere esperientzia baliagarria dela deritzo.

Alderdiaren sorreran parte hartu zuen iruindar batek hartuko du Eusko Alkartasunaren lema. Ez askorako, ordea, Koldo Amezketak (Iruñea, 1944) argi baitu EAk ekainaren 20an eta 21ean egingo duen Kongresura arte gidatuko duela bakarrik alderdia. Aurrean ez du erronka makala. Batetik, hauteskunde batzuetatik atera eta Europako Parlamentukoak berehala izango dituelako. Bestetik, EAEko hauteskundeetako porrotaren ostean, zauriak sendatu eta borondate guztiak biltzen saiatzea du helburu.

Amezketak uste du sorreratik egon izana eta esperientzia eduki izana kontuan hartu dutela EAko presidente izateko eskaera egin ziotenean. Kazetariekin jardutera ez dagoela ohitua aitortu du. Ordu gutxiren buruan, prentsaurreko bat eta hainbat elkarrizketa egin ditu. Horregatik edo, mantso hitz egiten du, hitzak ondo neurtuz. Batez ere, labainkorrak izan daitezkeen gaietan.

Hiru hilabetez hartuko duzu EAren lema. Norantz zuzendu nahi duzu ontzia?

Apustua da ahalik eta borondate handiena biltzea, eta Eusko Alkartasuna eta bere proiektu politikoa sendotzea. Nik ez diot alderdiko inori entzun esaten proiektu politikoa ez dela nahikoa. Proiektu politikoarekin ez dut ezadostasunik ikusten. Hori oinarrizko elementua da edozein moduz ere, baina, batez ere, orain.

Ondorioz, zure egitekoa da alderdi barruko pentsamoldeek elkarren artean dituzten puntuak batzea.

Esan dezagun borondateak batzen saiatuko naizela, kontrakoa egin beharrean, zeren eta ezadostasunezko egoerak badaude. Horiek konpontzen ahalegindu behar dugu.

Borondateak bilduko direla esatea erraza da, baina errealitatea, zailagoa. Denen artean diferentziak alboratzeko deia da zurea?

Esperientziak erakusten du oso zaila dela diferentziak albo batera uztea. Beti hor daude. Eta ez dut esaten hor egon behar ez dutenik. Nire ustez, gehiegitan gertatu zaigu oinarrizko kontu hori. Hor huts egin dugu.

Zer esan nahi duzu?

Edozein erakunde politikok behar ditu bideak, mekanismoak eztabaidatzeko, orotariko ekarpenak bideratzeko, eta ondorioetara eramango dituzten prozesuak sortzeko. Horrek exijitzen du organoek ondorioak hartzen dituztenean, normalean gehiengo sinpleen bidez, ikuspuntuak amaitzen direla. Ziurrenik, kostatzen ari zaigu gehiengoak hartu dituen akordio horiek errespetatzea eta onartzea.

Ezadostasunak publiko ez egitearen alde egin duzu. Barne eztabaida horretan zer ez duzu onartuko?

Betidanik diziplina neurriak hartzearen kontrakoa izan naiz. Onartzen dut askotan horrela izan behar duela, baina, lehen batean, ez dut gustuko. Hala ere, nabarmen atsekabetzen eta sumintzen nau komunikabideen bidez, nortasun argirik eman gabe, ezadostasunak eta eztabaidak proposatzea, horretarako alderdi barruan espresuki dauden bideak erabili beharrean. Informazio ikuspuntutik haratago, norbere interesen onerako jokatzen bada, ez dago ondo.

Unai Ziarreta izan al da hauteskundeen porrotaren erantzule bakarra? Joseba Azkarragak zuzendaritza osoaren dimisioa eskatu zuen.

Lehenik eta behin, zuzendaritzako arduradun gorenak bere borondatez hartutako erabakia da, eta erabat errespetatu behar da. Horrek esan nahi du erantzule bakarra dela? Erabaki kolektiboak hartu ditugu; batzuetan zuzendaritzak, besteetan batzar nagusiek, baita duela urte eta erdiko Kongresu batean ere. Uste dut zuzena litzatekeela dimisioa zuzendaritza osoak ematea, baina, praktikan, horrek eraman gaitzake egoera irrigarri batera. Hauteskundeetako hondamendiaz gainera, orain, zer? Norbaitek hasi beharko du hori martxan jartzen, erabakiak hartzen. Politikak aurrera jarraitzen du...

Zerk huts egin du?

Herritarren artean gehiegitan zabaldu da barne ezadostasunen irudia. Normalean, hautesleak nahiago du gustuko dituen alderdien artean elkar ulertzea, ezadostasunak eta liskarrak baino gehiago. Hori gehiegitan ikusi da, eta saihesten saiatu behar dugu. Arazoak konpontzeko bideak baditugu alderdi barruan, eta militante guztiok argi utzi beharko genuke hori onartzea, eta gehiengoak hartutako akordioen alde lan egitea. Horrek ez du esan nahi bakoitzak berea defenditu behar ez duenik. Gaur gehiengoa dena, beste une batean agian ez da izango. Baina betiere joko garbia.

Zer gehiagok huts egin du?

Hauteskunde emaitzak oso lotuta daude, lehia politikora aurkezteko moduarekin. Lehen EAJ-EA botoa eman duten gehienek orain EAJri eman diote botoa.

Gertatu den guztia jakitearen abantaila edukita, bakarrik aurkeztuta oker egin duzuela iritzi diozu?

Babesa galtzearen arrazoi nagusietako bat izan da. Porrota izan den? Egoera oso zaila zen guretzat. Arazo bat genuen. Hamar urtez EAJrekin lotura estuak izan ditugu, eta hautesleen artean dago baturaren irudia. Gobernu jardueran bakoitzak diferentziak ditu, eta guk oso marra finarekin marrazten ditugu, baina jendeak normalean marra lodiagoekin funtzionatzen du. Ñabardurak azaltzea ez da hain erraza, edo jendeak ez du interesik xehetasun horiek antzemateko. Orduan, inondik ere, zaila da haustea. Orain, nahiko genukeen baino abiapuntu okerragoan gaude. Hala ere, lotura horiek haustea eta gizartean gure kabuz aurkeztu ahal izatea, garesti ordaindu badugu ere, ordaindu dugu. Hori ona izan da. Niretzat oso garrantzitsua da.

Horrek esan nahi du jokalekua ireki egin zaizuela eta EAJrengandik urrunduko zaretela?

Proiektu garrantzitsua dugu, eta horren alde egin behar dugu. Hori da lehentasuna. Besteei begiratu gabe. Erlazioak ez dute zertan txarrak izan. Baina bakoitza bere tokian. Agian, lehen ez zegoen argi non zegoen bakoitza.

Bakarrik joateko erabakian zerikusi zuzena izan du herri galdeketarekin gertatutakoak. 2004an Ibarretxe planak Kongresuan amaitu zuen, eta Kontsultaren Legeak, iaz, Espainiako Auzitegi Konstituzionalean. Jokatzeko zer tarte geratzen da?

Jokatzeko dagoen tarterik garrantzitsuena geratzen da: borondate kolektiboa. Borondate kolektiboa badago, zenbakitan nahikoa izango dena, ate batzuk itxi badira beste batzuk irekiko dira.

Nola?

Lehenik eta behin, gehiengo bat osatuta. Hori da lehen lana. Gehiengo bat badago, baina ez dago baldintzarik osotasun batean koherentziaz jokatzeko. Lan handia dago egiteko. Gehiengo kolektibo argia eta irmoa dagoenean, legeak nahi duena esango du, epaitegiek nahi dutena esango dute, baina munduaren aurrean oso zail egiten da egoera hori.

Aralarrekin aliantza bat egin daiteke?

Denbora kontua da. Antzeko printzipioetan gaudenok nahiko indar eta ordezkaritza izango duen zerbait egiten amaituko dugu.

Zertan balio du NaBaiko esperientziak?

1976an, Patxi Zabaleta eta biok horrelako gaiez eztabaidatzen genuen. Ondorioz, horrelako kontuetan ados bagaude, baturak egiteko eremua badago. Eginahal hori denok egin beharko dugu, baina, aurrez, dauden oztopoak desagertu egin beharko dira.

Alderdi bakoitzaren interesak ere ez al dira eragozpen bat?

Bai noski. Azkenean, alderdien atzean pertsonak daude. Askotan, batzuekin eta besteekin ditugun esperientzia pertsonalek jokabideak eragiten dituzte. Dena den, egia da ere, desberdinen arteko harreman pertsonal iraunkorrek eragozpenak gaindiarazten dituztela.

Hauteskundeen ostean, ezker abertzalearen aldetik, mugimendua sumatu da. Arnaldo Otegik bilera erronda iragarri du indar politikoekin. EA prest dago hitz egiteko?

Bai. Pauso eta proposamen horiek onak dira, eta jarrera irekia izan behar da. Elkarrizketa horietan denok zintzo jokatu behar dugu. Argi utzi behar dira zenbait premisa. Gaur egun, ETAren gaitzespena ez da aitzakia bat, ETA arazo bat da. Ez da gehiegikeria esatea ETA arazo gisa ikusten duela demokratikoki herriaren gehiengo batek. Eta eskatzen du desegite agiria sina dezala.

Hauteskunde ondorenari erreparatuta, Nafarroako eskema politikoa EAEra igaro al da?

Nafarroan, PSOEk azkenean erabaki zuen errespetatzea eta baimentzea zerrendarik bozkatuena. Ondorioa da gaur egun PSNk sostengatzen duela Nafarroako Gobernua, eta, ahal dutela, NaBai bazterrean uzten saiatzen direla. Han, kontrakoa eginez, helburu berera ailegatu dira: gobernutik kanpo uztera kasu honetan lehen indarra den alderdia, EAJ.

Legebiltzarrean, akordioen bila lehentasunezko erlazioa izango du PSEk PPrekin, baina gutxiengoan gobernatuko du. Kongresuan, berriz, babesik gabe gera daiteke. PSOEren ekuazioan zerbait ez dugu kontuan hartu?

Nik uste dut PSE gobernura iristeko irrikan zegoela. Estualdi itzel batean sartzen ari direla deritzot. Sakonean- eta ikuspuntu pertsonala da-, PSEk ziur da EAJk barne gogoeta bat egingo duela, aurpegia aldatuko duela, eta horrek gero beste gobernu bat ekarriko duela. Orain, PP ez da gobernuan egongo, baina berdin dio. Haren babesarekin gobernatuko du, eta egin behar duena esango dio. PPk hori instrumentalizatuko du, gauzak aldatu izanaren benetako erantzule dela esateko. PSOEren eta PPren arteko harremanak direnak dira. Estatuan nork gobernatuko duen dago jokoan Madrilen. Azkenean, milioi bat botok erabakitzen dute gobernua. Lehia horrek aurrera jarraituko du, eta hemengoa, su horretarako zura da.

Bi alderdiek azaldu dute akordioaren oinarrietan, besteak beste, hizkuntza politika, komunikabideak, hezkuntza eta osasuna jorratu dituztela. Alor horretan sartuko al da PSE?

Ez bada sartzen, zenbat denbora iraungo du PPk babes hori kendu arte? Hori da gakoa. Ez bada hor sartzen, PPk ezingo du goraipatu aldaketaren motorra izan direla.

Hori ikusita, zer gogoeta egin behar du abertzaleen munduak?

Nik uste dut euskal gizartearen baitan badagoela nolabaiteko berrarmatze moral eta ideologiko bat egiteko beharra mundu eta ideia abertzaleen inguruan. Nik uste dut badagoela neke bat, sinesgogortasun bat...

«ERCk ateratako ohar hori ez dut batere gustuko izan»

Joxerra Senar.

Iruñea

EAko presidente izango den epe laburrean, Europako Parlamentuko hauteskundeei egin beharko die aurre Koldo Amezketak. Duela bost urte, ERCrekin batera aurkeztu zen EA Herri Libreen Europa koalizioan. Aurten, Espainiari diputatu kopurua murriztu zaio, eta parlamentari bat izateko boto gehiago behar direnez, koalizioa zabaltzearen aldekoa da.

ERCk hainbat bilera izan ditu Aralarrekin eta ostegunean ohar bat igorri zuen harremana «bi aldeetakoa eta lehentasunezkoa» dela esanez. Nola ikusten duzu?

ERCrekin dugun harremana aspaldikoa da, oso ezaguna, eta nahiko sakona. Hauteskunde horietan diputatu gutxiago daude, eta horrek esan nahi du lau diputatu gutxiago badaude, %10 inguru boto gehiago beharko direla parlamentari bat lortzeko: 440.000 boto inguru. Zenbakiak zenbakiak dira, eta argi dago duela bost urteko koalizioak ez zuela ematen eta zabaldu egin behar zela. Duela egun batzuk publikoki adierazi genuen Aralarrek tokia eduki behar zuela koalizioan. Zuzena da batura hori bilatzea eta gehitzea. Gertatzen da, une batean, ez dela bakarrik zenbaki kontua. Historiak eta erlazioen iraunkortasunak pisua eduki beharko luke. Eta niri ez zait batere atsegin ERCren ohar hori. Ez dut uste behin betiko zerbait dela, besteak beste, ostegunean eta ostiralean gure jendea Bartzelonan egon delako, ERCko arduradun nagusiekin eta gai horiez hitz egiten ari direlako ALE Europako Aliantza Librearen biltzarrean.

Oraindik, beraz, dena irekita dago.

Oraintxe bertan, PPk eta PSOEk salbu, alderdi batek berak ere ez du garbi nola lehiatuko diren hauteskunde horietan! Alderdi batek berak ere. Eta apirilaren 12an amaitzen da koalizioak osatzeko epea.

Eta zergatik ez da posible, kontuan harturik hauteskunde horietan Hego Euskal Herriko bi erkidegoen mugak ez direla kontuan hartzen, alderdi abertzaleen koalizio handi bat?

Berriro ere oinarrietara itzuli behar dugu, eta tartean dauden oztopo horietara guztietara.

EAEko hauteskundeetan Aralarrek gora eta EAk behera egin izanak eraginik badu Nafarroa Bairen barnean?

Hasieratik bakoitzak eduki beharreko pisuari eta ordezkaritzari buruz gauzak finkatuta eta zehaztuta daude. Beraz, ez du eraginik eta ez du eragingo.

Eta barne prozesua nola doa?

Azkenean, zer nahi dugu? Denok erabat baztertu dugu NaBai berezko ente politiko gisa. Denok aukeratu dugu alderdien koalizio bat izatea. Eta denok bat gatoz erabat egonkorra eta iraunkorra izan behar duela. Zer dakar horrek berekin? Lan eta ordu asko eztabaidatzen. Ikuspuntuak ez dira berdinak eta sigla bakoitzaren interesek ere eragina dute. Beti beti, beti. Baina esperientzia garrantzitsua da, bakoitzaren sinesgarritasuna eta leialtasuna garrantzitsuak dira, eta horrek guztiak ikasarazten digu orduak sartu behar direla ados egongo garen definizioetara iristeko.

Iturria: Berria

No hay comentarios:





© 2008 Soraluzeko Eusko Alkartasuna
Telefonoa 943 75 18 48
easoraluze@gmail.com