2012/06/16


Euskal Herria Bildu!

  Euskal Herria Bildu aurkezpena

Amaia Agirresarobe: "Bada garaia eredu ekonomiko eta sozial berrirako bidean urratsak egin ditzagun"

 

Bakearekin eta konponbidearekin konpromisoa

Pertsona guztiak, ideia guztiak, proiektu guztiak
Bakea eraikitzeko, eskubide guztiak pertsona ororentzat behar dira. Euskal Herria Bildu oinarrizko eskubideak urratzen dituzten ekintza guztien aurka kokatuko da.
Hemen bizi garelako, hemen lan egiten dugulako, hemen erabaki nahi dugu. Gatazkaren konponbiderako oinarri gisa, pertsona guztien eskubideak aldarrikatzeaz gainera, Euskal Herriak kolektibo bezala dituen eskubideen aitortza eta errespetua aldarrikatzen dugu.
Bakearekin eta Konponbidearekin gure konpromisoa Gernikako Akordioan eta Aieteko Adierazpenean agertu genuen, gaur hemen adierazpen horiekiko konpromisoa berresten dugu.

Justizia sozialarekin konpromisoa

Kapitalismoak, bere xede nagusia den epe laburreko etekin ekonomikoa lortzeko, pertsonak eta natura menperatzea nahi izan du. Euskal Herria Bilduk, kapitalismoari aurre egiteko alternatiba sozioekonomiko bat aurkeztu du eta gizarteratu ere. Bertan gure konpromisoa adieraziz bazterketa soziala areagotzen eta berdintasuna zapuzten duten egoeren aurka eta eskubide sozialen, sistema publikoaren eta ingurumenaren defentsaren alde.

Gure konpromisoa ez da gaur egungo eredua kudeatzeko, gurea gaur egungo egoera iraultzeko proposamena baita. Zalantzarik ez dugulako, egoera honek irtenbidea badaukala.

Horrela, gure lehentasuna izango da:
• Euskal Herriko ehun produktiboan inbertitzea.
• Sektore estrategikoen kontrol publikoa zein soziala indartzea.
• Aberastasunaren banaketarako sarreren (fiskalitatea) eta gastuen (politika soziala) oreka bideratzen duen politika aurrerakoia gauzatzea.
• Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren eraikuntza.
• Lan eskubideen berme eta defentsa.
• Elikagai soberaniaren aldeko politiken garapena.
• Diru publikoaren kudeaketa gardena eta optimizatua bermatzea.
• Euskal Herriak eta bere eskualdeak egituratzen duten eta ingurua errespetatzen duten azpiegituren aldarrikapena.

Demokrazia zuzen eta parte-hartzearekin konpromisoa

Eraldaketaren subjektu protagonista izan behar dute herritarrek. Baina ez soilik hauteskunde batzuetan bere babesa emanez Euskal Herria Bilduri, baizik eta egunero Euskal Herria Bildurekin batera, gure eskualdetan, herrietan eta auzoetan eraldaketa soziala errealitatea bihurtuz.
Gehiengo sozial handien kalitatezko esku hartze aktiboan oinarritzen den eredua garatuko dugu.
Erabaki estrategikoetan demokrazia zuzena indartzea dugu xede.

Emakume eta gazteekin konpromisoa

Emakemu eta gazteekiko gure konpromezua sendoa eta garbia da. Euskal Herria Bilduk feminismoarekin bat egiten du, erantzun politiko zehatzak eta gizarte eraldaketa emateko beharrezko diren giza ereduak eskaintzen baititu.
Era berean, gazteria Euskal Herriaren oraina eta etorkizuna denez, aldaketa politiko eta sozialaren motore izan behar du. Horretarako, euskal gazteek esparru desberdinetan jasan behar izaten dituzten salbuespen egoerei aldaketa emateko, Euskal Herria Bilduk neurriak hartu eta sustatuko ditu.

Euskararekin konpromisoa

Herritar eleanitzez osatutako Euskal Herria Euskalduna eraikitzea dugu helburu. Euskal Herria Bilduk ezinbestekotzat jotzen du Euskal Herri osoan euskararen normalizazioa gauzatzea, beti ere XXI. mendeko euskal jendartearen izaera kultural anitza errespetatuz.
Bide horretan, Euskal Herria osatzen duten zazpi herrialdeetan euskararen ofizialtasuna eskuratze lan egingo du Euskal Herria Bilduk.

Arrazakeriaren eta xenofobiaren aurkako konpromisoa

Euskal Herria Bilduk argi dauka, aniztasunak aberasten gaituela bai gizarte bezala bai pertsonak bezala. Haatik, herritartasun unibertsalaren kontzeptu inklusiboaren defentsa aktiboa egingo dugu. Pertsona guztien eskubide guztien defentsa egingo du Euskal Herria Bilduk.

No hay comentarios:





© 2008 Soraluzeko Eusko Alkartasuna
Telefonoa 943 75 18 48
easoraluze@gmail.com