Berria.info
Nafarroa Bairen aldeko hautua defendatzen du Pello Urizar EAko idazkari nagusiak. Egoera zuzentzeko ahalegina egingo du EAk. Baina argi du aldaketarako tresna izateko gaitasuna koalizioa zabaltzean dagoela.
EAren Batzar Nagusiak aste honetan NaBairen  aldeko apustua berretsi du, apustu instituzional bakarra dela esan du,  baina gainerako kideek diote ez dela nahikoa eta NaBaitik kanpo jarri  duela bere burua. Zer dio EAk?
Duela hamabost egun beste  nazio batzar bat eduki genuen eta azken hilabeteetan lortutako oinarri  politiko, programatiko eta antolakuntzakoak onartu ziren, eta Nafarroa  Bain jarraitzea onartu zen. Horrela zegoela, sinatzeko ekitaldia izan  baino 24 ordu lehenago, mahai gainean beste eskakizun edo garantia  batzuk jarri zizkiguten. Eskakizun horiek ad hoc edo neurrira eginak  daude Eusko Alkartasunarentzat. Horrek baldintzak aldatzen ditu eta ez  da aurreko Batzar Nagusian onartutakoa, eta berriz ere Batzar Nagusira  joan behar zen. Uste genuen bezala, Batzar Nagusiak onartu egin du  Nafarroa Bain egotea. Nafarroak egoera berezia dauka. Egoera berezi  horrek eskatzen du abertzale guztien arteko lan komun bat eta esfortzu  komun bat egitea, eta soilik horrela posible izango da Nafarroa Bai  aldaketa tresna bat izatea. Nafarroa Bairen apustua berretsi genuen,  baina ez zitzaigun egokia iruditu guri exijentzia edo garantia berezi  batzuk eskatzea. Garantiak exijitu behar badira, guk ere exijitu ahal  ditugu. Lortu arte akordioa edo Euskal Herria ezkerretik akordioa  NaBairen kontra doazela diotenean —guretzat ez da horrela—, guk ere esan  dezakegu, adibidez, EAJk Madrilen Zapaterorekin egiten dituen akordioek  nafarrei ere kalte egiten dietela. Baina guk aldaketa politiko eta  soziala lehenesten dugu Nafarroan, eta erantzukizunez jokatuz, programa,  gai politikoak eta antolakuntzakoak adosteko borondatearekin gaude.  Hortik aurrera, ez.
Orduan, NaBain segitzeko eta zerrendak  elkarrekin osatzeko saioa egin behar duzue?
Asteazkenean guri  bidalitako idatzian, esaten digute beraiek hasiko direla horretan  lanean eta guk  data jakin baten barruan beren baldintzak sinatzen  baditugu ateak irekita egongo direla. Guretzat, hori ezkutatzeko modu  bat da; uste dugu ez dagoela arazoari heltzeko intentziorik. Hor beste  arrazoi batzuk daude, eta ez dituzte azaldu nahi. Noski, 2007an  lortutako emaitzak oso positiboak izan ziren, baina zerbait gehiago  lortzea nahi badugu, ateak irekiak egon behar dira, beste edozein  bazkide bezala ezker abertzaleak sartu nahi balu sartzeko, besteen  baldintza berberekin. Eta ezezkoa esaten dute. Ezezkoa, ez dagoelako  baldintzarik. Baina ez dute esaten zergatik ez dagoen baldintzarik. Guk  daukagun susmoa da baldintza horiek PPk eta PSOEk jartzen dituzten  baldintza berberak direla. Biolentziaren inguruan gauza konkretu bat  eskatzen dutelako, eta hori guretzat kontrajarria da gutxienez Aralarrek  Gernikako Akordioarekin daukan konpromisoarekin. Ezker abertzaleak  badaki, eta guk badakigu, legala ez den bitartean ez daukala aukerarik  sartzeko, baina ezin dezakegu esan Alderdien Legearen aurka gaudela eta  gero, modu batean edo bestean, ia-ia berdin jokatu. Legezkoa ez bazara,  ezin izango zara partaide izan koalizioan, baina gutxienez ateak irekita  egon daitezela eta lankidetza aukera bat egon dadila. Guretzat, NaBaik  aldaketa tresna izateko aukera bakarra dauka denentzako ateak irekita  badauzka.
Uste duzu tarterik badagoela Nafarroa Bairen apustua  zuzentzeko?
Gure aldetik bai, baina ez dakit haiek  borondaterik duten edo ez.
Zenbat denbora egon zaitezkete  egoera honetan? 
Gaur [ostegunean], adibidez, Iruñean bertan  egin dugun prentsaurrekoan, eskatu diegu zerrendak osatzeko prozesua  gelditzeko. Hasten badira martxan eta hautagaiak aukeratzen badituzte  eta zerrendak lotzen badituzte, hor bukatuko da tartea, baina ea zein  borondate dagoen.
Haiek argudiatzen dute NaBain egotea eta  ezker abertzalearekin eta Alternatibarekin akordioak izatea bateraezina  dela. Zuentzat, ordea, uztargarria da. Azalduko duzu zergatik?
Nik  ez dut ulertzen zergatik den bateraezina. Guk daukagun akordioa akordio  estrategikoa da, lehenago edo geroago —nola ez— hauteskundeetan isla  izan behar duena. Baina ez dauka zertan izan momentu honetan. Zehazki,  ezker abertzaleak daukan egoera partikularra kontuan izanik, egoera  partikular horrek ez ditu besteek izan ditzakegun aukerak hankaz gora  jarriko edo ez ditu baldintzatuko. Hori horrela da. Guk ezker  abertzaleari esan genionean akordio estrategiko honek ezin zezakeela  baldintzatu NaBai, hori argi zegoen. Guk akordioak sinatzen ditugunean  sekula ez dira beste batzuk oztopatzeko edo martxan dagoena hankaz gora  jartzeko, ezta inondik ere.
Beste era batera esanda, esaten  dute polo edo bilgune subiranista bat bultzatzea NaBairen proiektuaren  kontra doala.
Bai, baina ez dute arrazoitzen zergatik.  Adibidez, hemen dinamika gehiena Aralarrek izan du: Euskal Herria  ezkerretik akordioa kaleratu genuenean, lehendabiziko kritika izan zen  beraiek eraso bezala ikusi zutela eta ez zitzaiela beraiei ezer esan  akordioa sinatu baino hamabost egun lehenagora arte. Guk esan behar dugu  hori gezurra dela. Guk Lortu arte akordioa ekainaren 20an sinatu  genuen. Orduan bertan jakinarazi genuen gure borondatea zela, ez akordio  hori, hori bi alderdien artekoa delako, baina bai akordio horren  espiritua beste batzuekin partekatzea. Uztailaren 19an izan genuen  aurreneko bilera Aralarrekin, eta Lortu arte dokumentua pasatu genien.  Abuztuaren 3an bigarren aldiz egon ginen, eta orduan Gernikako  Akordioaren zirriborroa pasatu genien, eta abuztuaren 31n hirugarren  aldiz egon ginen. Eta abuztuaren 31n esan ziguten beren helburu  estrategikoa ezker abertzalearen berbatuketa zela. Ez zeukatela beste  helburu estrategikorik. Orduan, EAk esan zuen: kontua ezker  abertzalearen etorkizuna bada, guk ez dugu ezer esatekorik. Horrez gain,  esan zuten hauteskundeetarako beren apustua erkidego autonomorako  bakarrik aurkeztea zela. Hori jakinarazi zuten geroxeago jendaurrean.  Horrela esan ziguten: 'Guk estrategikoki ez dugu intentziorik ezer  lantzeko, gerora ezker abertzalearen berbatuketa ez bada'. Horrela  gelditu ginen. Alternatibarekin abuztuaren 25ean egon ginen, Aralarrekin  egon eta hilabete geroago. Alternatibak ulertu zuen zer esaten zitzaion  eta hizketan hasi ginen. Aralarrek ezetz esan zuen eta Alternatibak  baietz. Alternatibarekin prozesua hasi eta bukatu zen, sinatu genuen eta  orain hasten dira Aralarrekoak esaten beren kontra doala hori. Ez da  sekula izan horrelako intentziorik.
Baliteke Nafarroan lehen  indarra izateko aukera galtzea?
Izan liteke. Egia esan, gaur  [ostegunean] kazetari batek Euskadi Irratian zera esan du: 'Aralarrek  eta EAJk ez dakit kalkuluak oso ongi egin dituzten. Beraiek dauzkaten  arrazoiengatik azkenean EA kanpoan uzten badute, hor arerio bat ager  daiteke, eta horrek egin dezakeena da botoen banaketa gertatzea'. Guk  uste dugu ez dela komenigarria.
Zer giro sumatu duzu azken  egunotan alderdikideen artean? Zein zalantza agertu dira? Alderdia  batuta dago?
Ehunetik ehunean ez dute berdin pentsatzen.  Orain dela hamabost eguneko batzarrean oso boto gutxi egon ziren  NaBairen aldeko botoa ez zena izan, eta, aldiz, azkeneko exijentzia  hauek heldu direnean, pertsona batzuk nekatuta azaldu dira, behin eta  berriz eskakizunak egiten dizkigutelako eta hautsi nahi dugunak gu  garela esaten dutelako. Kezka hori bazegoen. Hala ere, argi ikusi zen  batzarrean hori horrela izanda ere, jendeak badakiela erantzukizunez  jokatzen, eta gehiengo oso handi batek onartu zuen ebazpena, non argi  azaltzen den NaBairen aldeko hautua egiten dugula eta berresten dela.  Uste dugulako momentu honetan egin behar dugun lanak izan behar duela  Nafarroa Bain egon nahi duten denek atea irekita eduki dezaten eta  benetan izan dadila aldaketa tresna bat.
Zer gertatu da Uxue  Barkosesekin? Momentu batean Parlamentuko zerrendaburu izan zitekeela  iradoki zenuten. Orain zalantzan jarri duzue Iruñeko zerrendaburua  izatea. 
Uxue Barkos duela lau urte Iruñeko hautagaitzara  EAren postuetan aurkeztu zen, eta denok dakite Uxue Barkos  independenteen bozeramaile bezala ari dela eta independentea dela. Guk  badakigu Uxue Barkos NaBairen barruan erreferente bat dela, eta sekula  ez dugu ukatu. Baina berarekin EAren postuetan joateko hitz egiten egon  ginenean, azaldu genion EAk zituen akordio estrategikoekin eta ibilbide  estrategikoarekin bat etorri behar zuela edo bestela independente gisa  aurkeztu behar zela. Guretzat toki bakoitzean EAren erreferenteak izan  behar dituzten pertsonek, nola ez, bat etorri behar dute alderdiak  daukan ibilbidearekin. Hori betetzen duten heinean EAren postuetan  joango dira. Uxue Barkosen kasuan, pertsona publikoa da, eta gutxieneko  konpromisoa behar du.
Gutxieneko konpromiso hori badago Uxue  Barkosen partetik?
Ez, ez du bat egiten EAk une honetan  egiten duen hausnarketa estrategikoarekin. Esan diogu ez dela logikoa  joatea EAren postuetan, EAk erreferente bat galtzen duelako. Horrek ez  du esan nahi ez litzatekeela joango Iruñeko hautagai gisa, jakinda  NaBairen barruan erreferente bat dela. Independente gisa agertu beharko  litzateke.
No hay comentarios:
Publicar un comentario