2011/02/11


Maiorga Ramirez: "Gizarte osoa pauso historiko baten aurrean gaudela konturatu da"

Nafarroako Eusko Alkartasuneko (EA) lehendakaria eta parlamentaria da Maiorga Ramirez. Ezker abertzaleak alderdi berriaren estatutuak –iragan astelehenean, Bilbon– aurkeztu ostean elkarrizketatu dugu: “Sortutako aurreikuspenak bete dituzte estatutuek”, esan digu.

ARGIAk datorren astean kaleratuko duen elkarrizketaren aurrerapena da hau.

Ezker abertzaleak alderdi berriaren estatutuak aurkeztu ditu Euskalduna Jauregian. Nola joan da ekitaldia?

Ekitaldia bat etorri da ezker abertzaleak azken hilabeteetan adierazitako hausnarketarekin. Abertzaleen arteko elkarlana ahalbidetuko duen bide baketsuak eta demokratikoak urratzeko beste pauso bat da. Inoren tutelarik gabe eta gerta daitezkeen indarkeria mota guztiak gaitzesteko prest agertu da ezker abertzalea.

Zer balorazioa egiten duzu alderdi berriaren estatutuez?

Alderdi berriaren estatutuek argi uzten dute ezker abertzaleak sortu dituen aurreikuspenak bete dituela, eta ziklo politiko berri batean kokatu gaitzakeela. Egoera politiko berrian, ETAren indarkeria iraganean geratuko da, eta horrek abertzaleon arteko elkarlan historikoa garatzeko aukera erraztuko digu. Gizarte osoa pauso historiko baten aurrean gaudela konturatu da. Hala izanik ere, pentsatu behar dugu ibilbide honek espainiar abertzaleen mesfidantza are gehiago sorraraziko duela. Espainiako Estatuak euskal abertzaletasunaren bideetan oztopoak jarriko dituela, baita bake prozesuan ere.

ETAk su-etena eman ondoren, abian al da bake prozesua?

Bai, noski. Espainiako Estatuak espero ez zuen bidean ari gara. Gero eta ageriago geldituko da PSOE eta PP oso eroso egon direla ETAren indarkeriarekin. Bake prozesua sendotu ahala, euskal abertzaletasunaren aukerak zabaltzen hasiko dira euskal nazioa eraikuntza bidean.

Gaurko pausoak Gernikako Akordiora eragile gehiago ekarriko al du? ELA, esaterako?

Prozesu hauetan, hasieran, eragile batzuek gehiago sinesten dute beste batzuek baino, eta prestuago daude gidari lanetan aritzeko. Hasieran, ezker abertzalea eta EA ginen soilik, bakarrik, gero beste eragileak erakarri ditugu. Alternatiba bildu zen, Aralar itzuli-inguruka ibili da, errezeloz, baina oztopoak gainditu dira. Beraz, ez dut zalantzarik, ELAk bat egingo du prozesuaren helburuekin.

Nazioarteko Harreman Taldeak urratsak eman ditzan zer gehiago behar da?

50 urte iraun duen indarkeriazko fenomeno bat ez da astetan konpontzen, denbora behar da. Nazioarte mailan lan egiten ari da eta lan horrek etekinak emango ditu laster.


Iturria: Argia.com

No hay comentarios:





© 2008 Soraluzeko Eusko Alkartasuna
Telefonoa 943 75 18 48
easoraluze@gmail.com