2010/04/21


2010eko aurrekontua

2010 urterako Soraluzeko Udalak aurrekontua izango du. Ohiko berria izan beharko lukeena, herriaren historian aurrekontua beti izan da, albiste bihurtu zaigu, aurreko bi urteetan ez baita aurrekontua onartzerik izan. Berri pozgarria benetan gure herriarentzat eta udalean hainbeste lan egiten ari diren langileentzat.

Aurrekontua onartzea EAJren abstentzioak ahalbidetu du eta eskertzekoa da Soraluzeren aurrerabiderako erantzunkizun maila hori erakustea. Hala ere gure harridura azaldu nahi dugu ez dugulako ulertzen aurreko urteetan zergatik ez den posible izan aurtengo erantzukizun maila bera mantentzea. Izan ere, Udal Gobernu Taldeak aurreko urteetan bezala jokatu baitu aurrekontuekin. Jarrera zabala izan dugu negoziatzeko eta proposamen asko onartu dira, jakin baitakigu zeinen garrantzitsua den udal aurrekontua onartzea. Aurten beraz posible izan da. Zergatik ez orain arte?

Aurreko urteetan aurrekonturik ez izateak zenbait gai garrantzitsu atzeratu ditu, baina lan handiagoa eskatu duen arren, azkenean horiek martxan jartzea lortu dugu. Futbol zelaiaren kasua da beharbada aipagarriena. Dena den, aurten aurrekontua dugun arren, horrek ez du berez esan nahi diru gehiago izango dugunik gauzak egiteko. Krisiak gogor eragin dio gure Udalari ere.

Soraluze ez da herri aberatsa, denok dakigun moduan. Horregatik are garrantzitsuagoa da elkarlana sustatzea eta guztiok gauzak hobetzeko aurrera bultza egitea. Udal Gobernu talde hau hasieratik egon da elkarlanerako prest eta horrela jarraituko dugu legealdi hau bukatu arte, gure herriaren ongizatea baita gure lehentasuna. Benetan espero dugu azken bi urte hauetan gertatutakoa inoiz ez errepikatzea, herriaren eta herritarren onerako.

Udal Gobernu Taldea

No hay comentarios:





© 2008 Soraluzeko Eusko Alkartasuna
Telefonoa 943 75 18 48
easoraluze@gmail.com