2009/03/02


Laga Udal Gobernuari bere lana egiten

Soraluzeko Udal Gobernu taldeak bere nahigabea adierazi nahi du PNV, PSE eta PPk, berriz ere, politikaren alderik tristeena erakutsiz, herria 2007ko aurrekontuekin laga dutelako berriz ere. Soraluze FTko zuzendaritzakide batek Udalbatzarrean adierazi zuen moduan, “abstentzio bakar bat nahikoa zen” Udal Gobernuarekiko ezadostasun garbia adierazi eta herriari aurrera egiten uzteko.

Udal Gobernuaren elkarlanerako ahalegina
Udal Gobernuaren elkarlanerako borondate falta izan da oposizioak blokeo estrategia argudiatzeko erabili duen aitzakia nagusia. Baina argudio horrek ez dauka sinesgarritasunik, Soraluzetar guztiek dakitelako Udal Gobernu honek inoiz egin ez den moduko ahalegina egin duela, aurrekontuak oposizioarekin eta soraluzetarrekin batera adosteko.

“Baina mesedez, argitu dezakezue zein egitasmorekin ez zaudeten ados?”
“Baina mesedez, argitu dezakezue aurrekontuetan jasotako zein egitasmorekin ez zaudeten ados?” galdetu zuen herritar batek Udalbatzarrean. Tristea da esatea baina hartu duten jarrerak argi erakutsi du, Soraluzeko PNV, PSE eta PP gero eta urrunago daudela soraluzetarren eskari eta iritziengandik. Blokeo estrategia honek, soraluzetarrekin adostuta genituendozenaka egitasmo bide bazterrean utzi ditu; igogailuak, eguneko zentrua, futbol zelaia, taldeentzako dirulaguntzak…

Herritarrei Udaletxeko jardunean parte hartzeko deia
Orain, inoiz baino gehiago, herritarren parte hartzea bultzatuko dugu. Horregatik inoiz baino dei ozenagoa egiten diegu soraluzetar guztiei Udaletxeko jardunean parte hartzen segi dezaten. Horixe da horrelako blokeo egoera antzuak ez errepikatzeko bide bakarra.

Eskerrak eman nahi dizkizuegu etengabe zuen iritzi eta ekarpenak helarazten diharduzuen soraluzetar guztioi. Eskerrik asko. Horrek gure lana hobeto egiten laguntzen digu.

Oposizioko alderdiei (EAJ, PSE eta PP) berriz, herrian gero eta ozenago entzuten den eskari bat. Utzi herriaren garapena oztopatzeari eta laga Udal Gobernuari lan egiten.

Gure aldetik, ilusioz eta gogoz jarraituko dugu lanean. Soraluzetarrekin batera, 2009an egitea aurreikusitako egitasmo guztiak garatuko ditugu eta behingoz gure herritarrei merezi dituzten zerbitzuak emango dizkiegu.

Soraluzen 2009ko otsailaren 24an
Soraluzeko Udal Gobernu Taldea

Gazteleraz: Dejad trabajar al equipo de gobierno

3 comentarios:

Plaentxia Ikuspuntua dijo...

Ongi etorriak demokraziara!!!!!! Hamaika zinegotzitik sei ez daude aurrekontuekin adoz, beraz, zuek bezala herriak aukeratutako ordezkariak direnez, argi dagoena da herriak ez dituela aurrekontu hoiek onartzen. Edo Udal Gobernukoak izategatik, zuen botoa oposizioko sei zinegotzietako botoak baino garrantzi handiagoa dute??? Normalean oso zaila izaten da edozein Gobernu aurrera etaratzea gutxiengoa edukita, gauza bera ikusiko dugu hemendik aurrera Euskal Gobernuarekin....

Soraluzeko Eusko Alkartasuna dijo...

Aupa Jorge.

Arrazoia daukazu esaten dozunian sei botu bost baino gehiago dirala eta aurrekontuak ez dituela gehiengoak onartu. Horrekin ados. Pena ematen didana da adosteko ahalegina egiten dela, baina beste arrazoi batzuk direla medio, ez dutela sei horiek adostasun batera heldu nahi. PSE ez da enmiendak egitera ere sartu, eta PNVri onartu jakoz aurkeztutako gehienak. Nik benetan esaten dizut, gauza bat da aurrekontuak ez konpartitzea, baina aurka bozkatzeko moduko gauzak jasotzen dituzte? Estrategia guztiak dira zilegi, eta hor ez naiz sartuko. Gauza bat bai esango dizut: EA beti saiatu dela erantzukizunez jokatzen aurrekontuen gaiarekin, bai lehen PNVrekin (askotan onartu dira aurrekontuak EAren botuari esker), baita orain ere. Plaentxi ez da denbora galtzen egon daitekeen herri bat, urte asko galdu direlako lehen ere. Gu lan egiteko gare, eta ahal dugun guztia egingo dugu. Hala ere, nik uste dot "ongi etorriak demokraziara" esatea ez dala justua. Udal gobernu honek, demokratikoki hartzen diren erabakiak betetzen ditu, batzuk gustatu ez arren. Eta gu beti egon gara Demokraziaren alde, eta bide demokratiko soilen alde politika egiteko. Nik ulertzen dot zinegotzi batzuk dauzkaten arazoak, eta guk beti gaitzetsi dugu hori, baita asteburuan agertutako kartelak ere.
Gehiengoen kontuak negoziatzera behartzen gaitu guztiok, baina borondatea behar da. Borondatea baldin badago, guk jarraituko dugu elkarlan hori bultzatu nahian, eta negoziatu nahian.

Bestalde, Gobernuan ea zer gertatzen den. Orain arteko Jaurlaritza ere gutxiengoan egon da, eta negoziatu egin behar izan du gauzak aurrera ateratzeko. Datorrenak ere berdin egin beharko du, batzuekin zein besteekin.
Neri tokatu zaidan gaian, negoziatu egin behar izan dut, eta lan horrek eman ditu bere fruituak. Baina hori posible izan da alde bietatik egon delako borondatea. Hemendik aurrera beste batzuek egin behako dute lan hori.

Eskertzen dizut hitzegiten jarraitzeko aukera, eta Jaurlaritza berrian ardurarik hartzen baduzu, kontatuko diguzu.

Hurrengora arte.

Mikel Santiago

Plaentxia Ikuspuntua dijo...

Kaixo Mikel,

Esaten dituzun gauza askorekin ados egon naiteke, Plaentxin urte asko galdu direla esaten duzunean adibidez. Baina urte hoietan, EA-k, EAJ rekin batera eduki du gehiengoa Udaletxean. EAJ-EA alderdi politiko berdina bezala aurkezten zenean.

Gauza hoiek alde batera utzita, hasierako komentarioa Udal Gobernuko Taldea bezala sinaturik agertzen da, eta nere erantzuna edo hobeto esanda nere "Ongi etorria demokraziara" Soraluzeko Udal Gobernu Taldearentzat izan da. Orain prentsan asko esaten den hitza burura etortzen zait, aritmetika kontua, sei, bost baino gehiago dira, eta orain zuek lanegiteko dituzuen gogoak (ez daukat hortaz dudarik) lehen beste batzuk eduki dituzte, eta zuekin Gobernukide daudenak beti kontran agertu dira. Eta Gobernu Taldeak proposatutako gauzak Gobernu Taldeak proposatu dituelako, bakarrik arrazoi horregatik, ez dira onak izan behar. Klaru dago gauza onak daudela proposatutako aurrekontuetan, baina gauza txarrak ere badaude, eta lehen esan nuen bezala, ondo dakizue aurrekontuak puntuka ezin dira onartu, edo osoak onartzen dira edo ez dira onartzen.
Futbol zelaiko gaia beste gai bat. Beste gauza batzuk konpontzeko Soraluzeko Udaletxeak kredituak eskatu ditu, eta oposizioaren onarpenarekin. Kasu honetan ere oposizioa ados egongo zen. Oso tristea da Soraluzeko Futbol Elkartea horrela manipulatzea, eta aurrekontuak onartzen ez baldin badira Futbol Zelaia ezin dela konpondu esatea. Beste herraminta batzuk daude, adibidez esandakoa, kreditu bat eskatzea. Baina normala ikusten al duzu gure herrian bizitzen usten ez digun jendeari dirua ematea adibidez?

Kale berdinean bizi ginen eta lagun berdinak genituen. Ikastolara elkarrekin jeisten ginen eta kuadrila berdinekoak izan gera beti. Zure aita Galiziakoa da, eta nere aita Valladolid-ekoa. Zure ama Plaentxin jaiotakoa eta nerea baita. Zuk zure ideia independentista dituzu, eta ideia hoiek oso lejitimoak dira. Nik ez ditut ideia hoiek, baina zu bezala Euskadi maitatzen dut, nere herria delako.

Beno ba zu euskalduna zera, eta ni maketo bat. Bai, maketo bat. Plaentxian entzun izan dut hori. Nere herrian. Zurekin Udal Gobernuan dagoen jendeak edo hoien lagunak esanda. Gaur eguneko Alkateak behin bakarrik entzun dit hitzegiten, eta momentu hartan Euskeraz hitzegiten nengoen. Harrituta geratu zen. Zergatik? Ez al naiz Plaentxiko seme bat?Ulertzen al duzu zer sentitzen dugun?

Ondo ulertuko duzun bezala (zutaz ez dut gutxiago espero), asteburuko kartelak irten direnetik, neretzat gauzak beste dimentsio ezberdin bat hartu dute, dimentsio pertsonal bat, horrela esatea nahi baldin baduzu, baina dimentsio politikoa atzean gelditu da. Udal Gobernuan zuekin dauden pertsonak nahi izanez gero, aste buruko kartelak ez ziren agertuko. Ez dut esan nahi beren ezagupenean zegoenik, baina klaru da kartel hoien kontra ez daudela, eta kontra baldin badaude, ez dute publikoki esateko ausardiarik. Neretzat bai politiko eta bai pertsonalki errespetu guztia galdu dute, kartelak jarri dituzten pertsonak, eta kartelak jartzeko estalkia ematen dizkieten pertsonak, berdinak dira.

Gogoratzen baduzu, nere blog honetako lehen komentarioan, nik errespetatzen nauten pertsonak errespetatzen ditudala esan nizun. Hori horrela jarraitzen du.

Bukatzeko, eta beti EA ko Blog-ean ez hitzegiteko, nere Blog-ean parte hartzen gonbidatzen zaitut. Blog berria da, eta agian zuretzat ez dira gauza interesgarriak agertuko, baina Lagunen Blog-a deitzen denez, zuretzat leku bat badago.

http://lagunenbloga.blogspot.com/

Besarkada bat.

Jorge





© 2008 Soraluzeko Eusko Alkartasuna
Telefonoa 943 75 18 48
easoraluze@gmail.com