2009/02/27


Gure proiektua: eraikuntza nazionala eta soziala

Eusko Alkartasuna alderdiko gizonek eta emakumeek alternatiba politiko abertzalea, sozialdemokrata, herrikoia, aurrerakoia eta akonfesionala sustatzen dugu Euskal Herriaren eraikuntza soziala eta nazionala gauzatzeko. Alternatiba horren teoria eta praktika euskal tradizio demokratikoan eta Europako tradizio aurrerakoian inspiratzen dira gizarte-justizia, giza eskubideak, bakea eta nazioen arteko distentsioa defendatzeko.

Eusko Alkartasuna alderdian uste dugu eraikuntza sozialaren eta Gizarte Justiziaren bidean aurrera egiten badugu, eraikuntza nazionalari arrakastaz heltzeko oinarririk sendoena ezarriko dugula.

Herritarren eguneroko arazoak ahalik eta modurik eraginkorrenean konpontzeko eta aberastasunaren banaketa orekatuagoan oinarrituta dagoen gizarte bidezkoagoa eta solidarioagoa eraikitzeko lan egiten ari gara, aukera-berdintasunaren eta gizarte-eskubideen baliatze kolektiboaren egiazko printzipioaren pean. Gizartearen, kulturaren eta ekonomiaren alorrean garatutako gizartea, non euskal nazioaren nortasunaren balioak eta ezaugarriak bermatuta dauden.

Baina hori lortzeko, erronka handiei eta aukera ekonomikoei nahiz sozialei erabakitasunez egin behar diegu aurre mundu globalizatuaren testuinguruan. Gure gaur egungo eta etorkizuneko arrakasta berrikuntzaren, jakintza sortzearen, kalitatearen eta ekintzailetzaren bidean dagoen eraldaketa ekonomiko eta sozial berriari ausarki heltzearen baitan dago. Gako horiei esker, gizarte-kohesioa eta garapen iraunkorra hobetzearekin bateragarria den ekonomia lehiakorra izango dugu gure erakundeen, enpresa-sarearen, gizarte-agenteen eta herritarren ahalegin bateratuaren bitartez.

Hortaz, probintziakeriak eta lurralde-zatiketak gaindituz herrialdea eratzea ahalbidetuko duen esparru juridiko eta politiko berri baterantz aurrera egiteko defendatzaile irmoak gara, gure nazioaren nortasun-ezaugarriek iraungo dutela eta ongizate-estatua sendotuko dela bermatzeko.

Izan ere, egiaztatuta dago autogobernuaren kotak zenbat eta handiagoak izan orduan eta hobea izango dela bizi-kalitatea gure herrialdeko gizon eta emakumeentzat. Horregatik, guk independentzia eta subiranotasuna lortu nahi izatea orain premia praktiko bihurtzen da euskal herritarren etorkizuna eta ongizatea bermatzeko.

Eusko Alkartasuna Euskal Estatu bateratua eraikitzeko helburuak lortzearen alde dago, betiere bide demokratikoak eta bakezaleak erabiliz. Hortaz, indarkeria gaitzesten dugu, baita pertsonaren duintasunaren eta bere eskubideen aurka egiten duen ekintza politikoaren edozein formula ere, eta funtsezko errespetua lehenesten dugu helburu politiko propioen aurretik. Lehendabizi pertsona, eta horren zerbitzura, ideiak.

Arrazoi horiek guztiak direla medio, demokrazian sakontzearen aldeko apustua egiten dugu erabakitzeko eskubidearen printzipio demokratikoan oinarritutako nazionalismo moderno eta zibikoa abiapuntutzat hartuta, gatazka politikoa gainditzeko bide gisa; izan ere, herrialdearen etorkizuna erabakitzeko baldintza bakarra euskal herriaren borondatea eta erabakia errespetatzea da.

Horregatik, Euskal Herriak euskal Estatu bateratua eta independentea eratzeko duen erabaki librea gauzatzeko duen legezko eskubidea errebindikatzen dugu. Euskal errepublika bat Europako gune bateratu eta mugarik gabekoan, herrien Europaren proiektu federalaren barruan.

Zeren euskal gizartea prestatuta baitago bere etorkizuna erabakitzeko.

Horren ondorioz, Eusko Alkartasunak honako hauek ezartzen ditu datorren legealdirako helburu politiko, ekonomiko eta sozial gisa:

  • Euskal Herriaren baketzea eta normalizazioa lortzea elkarrizketa bidez, salbuespenik gabe.
  • Polo soberanista eratzea euskal herriarentzako esparru juridiko eta politiko berri bat lortzeko bidean behin betiko aurrera egiteko erabakitzeko eskubidea gauzatuz.
  • Gizarte-itun handia lortzea Ongizate Estatua indartzeko.
  • Berrikuntzaren, kalitatearen eta ekintzailetzaren aldeko apustua gauzatzea Euskal Herriaren oparotasuna bermatzea ahalbidetuko digun eraldaketa ekonomiko eta sozial sakonari ekiteko.
  • Ekonomiaren, gizartearen eta ingurumenaren arloko garapen iraunkor integralarekiko konpromisoa, ondorengo belaunaldiekiko etika solidarioa oinarri hartuta.
Este texto en castellano aquí.

Eusko Alkartasunaren programa eskuratu.
Descargar programa electoral Eusko Alkartasuna.

No hay comentarios:





© 2008 Soraluzeko Eusko Alkartasuna
Telefonoa 943 75 18 48
easoraluze@gmail.com