2011/06/09


Bildu Soraluzek EAJ eta PSEEri egin dien eskaintzaren berri eman du


Maiatzaren 22ko hauteskundeetan Soraluzen alde nabarmenez irabazi ostean hainbat bilera egin ditugu EAJ eta PSE-EErekin herrian. Bilera horietan ondorengo proposamena aurkeztu diegu batari zein besteari:
Urte luzeetako gatazkak, ezin ulertuak… gainditzeko Bilduk apustu estrategikoa egin duela agerikoa da. Apustu hori egin izanaren ondorio da Bilduk Euskal Herrian hauteskundeetan jaso duen babes izugarria. Orain asmo horiek aurrera egin dezaten egoera ahalik eta egokien kudeatzea dagokigu.
Soraluzen ere garai berri hauetara egokitutako bidea jorratu nahiko genuke datozen lau urteetan. Argi dago bakoitzak badauzkala bere ezaugarri eta irakurketa propioak, baina orain arteko frentismo, horma eta ezinikusiak gainditzeko bidea egiteko prest gaude gu.
Horregatik ondokoa da bai EAJ zein PSE-EE alderdiei luzatzen dizuegun proposamena:
  • Ez dizuegu ez batari eta besteari paktu proposamenik egingo. Ez dugu uste bata zein bestea aparte uzteko momentua denik.
  • Bilduren herri programa izan da babesik handiena jaso duena. Gure asmoa programa hori garatzeko lau urtetako plan estrategiko bat egitea da datozen asteetan.
  • Plan hori ordea ahalik eta aberatsen eta integralena izatea nahi dugu, horregatik EAJ eta PSE-EEtik egin dituzuen proposamen ahalik eta gehien ere sartu nahiko genituzke plan horretan. Promesa hutsala ez dela ikus dezazuen prest gaude ekainaren 11 aurretik konpromiso zehatzak hitzartzeko.
  • Udaletxeko organoei dagokienez:
Gobernu Batzordean bakoitzari leku bana ematea proposatzen dizuegu. Osaketa: Bildu 2,  EAJ 1, PSE-EE 1.
Gure herri programarekin eta zuen ekarpenekin datozen lau urtetarako plan estrategikoa elkarrekin adostuko bagenu, ez dugu inolako arazorik batzordeak ere guztion artean banatzeko. Guretzat garrantzizkoagoa da zer egingo dugun, nork egingo duen baino.
Elkarlana da proposamenean eskaini dieguna bai batari zein besteari. Baina bilera hauek egin ostean oraingoz ez dugu lortu EAJk eta PSE-EEk proposamen honekin bat egiterik. Ikusteko dago zer gertatuko den ekainaren 11n, baina gertatzen dena gertatuta ere Bildu osatzen dugunok lanerako ilusio eta gogoz ekingo diogu legegintzaldiari.
BILDU SORALUZE

No hay comentarios:





© 2008 Soraluzeko Eusko Alkartasuna
Telefonoa 943 75 18 48
easoraluze@gmail.com