2011/03/24


Pello Urizar: "Trabak traba, konpromiso politiko batzuk mahai gainean daude, epe luzerako konpromisoak dira

Zela baloratzen duzu Auzitegi Gorenaren erabakia?

Balorazio negatiboa da, ze honek egiten duena da atzeratu ezinbestekoa dena: Euskal Herriak normalizaziorako itxaroten duen eta oso garrantzitsua izan behar den pauso bat, hau da, edozein proiektu politikok aukera izatea bere ibilbidea legalitatearen barruan egiteko. Uste dugu mediatizatuta edo baldintzatuta egon dela azkeneko hilabeteetan hartu beharreko erabakia, eta zentzu horretan erabaki politikoa izan da. Hala ere jakin badakigu ezinbestekoa dela normalizaziorako alderdi guztiek bere aukera izatea eta espero dugu etorkizun oso motzean hori posible izatea.

Espero zenuten halako zerbait, beraz?

Esperantza beti gorde egiten duzu azken momentura arte, baina neurri handi batean ikusten zen gehienbat Madrildik, gobernutik eta alderdi politiko ezberdinetatik (PP eta PSOE), presio handia egiten zebiltzala erabakia zentzu honetakoa izan zedin.

Zela eragingo du erabaki honek gero eta indar handiagoa hartzen zebilen ezker abertzalearen, Earen eta Alternatibaren arteko balizko koalizioan?

Prest geunden koalizio edo bateratzea gauzatzeko beti ere Sortu legala balitz, eta honek ekartzen duena da Sortuk ezingo duenez bere presentzia izan hauteskundeetan, posible ez izatea hori aurrera eramatea.

Zela ikusten duzu M22a?

Jakin bagenekien bide hau erraza ez zela izango, traba handiak izango zirela, baina argi duguna da konpromiso politiko batzuk mahai gainean daudela, epe luzerako konpromisoak direla eta eragile ezberdinek borondatea jarrita dugu aurrera egiteko, dauden trabak egonda ere argi dugulako gizartearen zati handi batek hori babesteko borondatea duela. Eta uste duguna da M22an gizarteak baloratuko duela hori, eta trabak traba aurrera egingo dugula. Azkenaldian askotan esan dugun moduan, beste mende politiko berri batean sartzen gabiltza eta Madrildik jarriko dituzten trabetatik harago, seguru gaude gizarteak hori gura duela eta guk dena emango dugu hori horrela izan dadin.

Iturria: Goiena.net

No hay comentarios:





© 2008 Soraluzeko Eusko Alkartasuna
Telefonoa 943 75 18 48
easoraluze@gmail.com