2011/03/31


Eibarko eta Soraluzeko Gernikako akordioaren sinatzaileek bat egin dute zapatuko manifestazioarekin

Eibarko eta Soraluzeko Gernikako akordioaren aldeko taldeek prentsaurreko bateratua eskaini zuten atzo Eibarren, zapatu honetan "Euskal Herriarentzat normalizazioa. Legalizazioa orain" lelopean burutuko den nazio manifestazioarekin bat egiten dutela esateko.
 
Herritarrei bertaratzeko deia luzatu zien atzo, Bilboko kaleetan "Euskal Herrian normalizazio politikoruntz bidean urrats sendoak eman daitezela" exigitzeko. 
 
Auzitegi Gorenak Sorturen inguruko ebazpenarekin Euskal Herrian normalizazio politikoa eta bakea lortzeko zabaldu den aro berria zapuztu nahi duela diote: "Ebazpenak, Estatu Espainolak Euskal Herritarron oinarrizko eskubide zibil eta politikoei dien mesprezua adierazi du. Guk berriz, oinarrizko eskubide horiekiko errespetoa ezinbestekotzat jotzen dugu bake eta normalizazio politikoruntz urrats sendoak ematen jarraitu ahal izateko".
 
Estatuak demokrazia eza agerian utzi duela esan zuten prentsaurrekoan eta ebazpena ez dela salbuespen bat: "Azkenengo hilabeetetan agerikoa izan da oinarrizko giza eskubideak defendatzeko estatuak erakutsitako kontrako jarrera, tortura latzen aurrean erakutsitakoa hain zuzen ere eta baita Euskal Herrian bizi dugun gatazka behin betiko konpontzeko duen borondate eskasa ere".
 
Gehitu zuten, euskal gizartea dela prozesu honen motorra eta berari dagokiola protagonismo osoa "bere etorkizuna era baketsu, demokratiko eta askean erabaki dezan. Eibar eta Soraluzetik norabide horretan lanean jarraitzeko konpromisoa berresten dugu eta gizartearen gehiengoarekin batera Bilboko kaleetan Euskal Herriaren eskubideak defenditzeaz gain Estatuak jarritako oztopo berri hau salatuko dugu bere helburua lortuko ez duenaren konbentzimentu osoz".
 

No hay comentarios:





© 2008 Soraluzeko Eusko Alkartasuna
Telefonoa 943 75 18 48
easoraluze@gmail.com