2010/07/11


Euskal Herriaren burujabetza eskubidea aldarrikatu du jendetzak Donostian


Eusko Alkartasuna, Ezker Abertzaleak eta Alternatibak deitutako manifestazioak milaka lagunen babesa jaso du. Bildutakoek euskal gizateak bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea aldarrikatu eta Bartzelonako manifestazioari elkartasuna agertu diote.

Espainiako Epaitegi Konstituzionalak kataluniar gizarte eta instituzioen herri borondatea urratu du. Erabaki horrek, eredu konstituzional-estatutario postfranquista erabat mugatzen duen neurrian, Hego Euskal Herriko egoera politikoan era zuzen batean eragiten du. Ez gaude gertaera isolatu baten aurrera ez eta nazio katalanaren aurkakoa soilik den eraso baten aurrean, nahiz eta horrek ere Donostiako eta Bartzelonako kaleetan gure presentzia justifikatzeko bezain larria litzatekeen. Zerbait gehiago da, bereziki Euskal Herriko eta Paisos Catalans-etik burutzen diren nazio aldarrikapen zilegien aurrean Estatuaren posizioa era global batean azalarazten duen erabaki baten aurrean gaude.

Estatu espainiarrak bere organo judizial gorena den Epaitegi Konstituzionalaren bidez, Autonomien Estatu gisa ezagutua izan den horren baitan ematen "autogobernu" deiturikoaren mugak markatzen ditu era argi batean. 81an huts egindako Estatu golpearen ostean LOAPAk izan zituen ondorioen antzekoak dituen "tejerazo" judizial baten aurrean gaude.

Egungo marko konstituzional-estatutarioaren agorpena berretsi du euskal jendarteak eta Estatu espainiarrean bizirauten duten nazioetako herritarrek euren etorkizuneko aldarrikapenak ezarri dituzte aitortza nazionala eta erabakitze eskubidea errespetatuko dituzten marko juridiko-politikoak exijituaz. Herritarren grina erabat zilegi honi era antidemokratiko eta inposatzailean herri borondatea mespretxatzen duen arsenal politiko eta juridiko batekin erantzuten dio Estatuak. Nazio bakarra onartzen du, espainiarra, herri bakarrari aitortzen du burujabe, espainiarra.

Estatuaren erantzunak frogatzen du egungo eredu autonomikoak, edota egungo sistemari eusten dioten oinarri eta arau juridikoetatik abiaturiko erreforma posible batek, Euskal Herriko eta Kataluniako borondatearen garapenari ate guztiak ixten dizkion marko konstituzional batean herri borondatea neutralizatzeko edota asimilatzeko tresnak direla. Egungo eredu autonomikoak gure burujabetza espainiar batasun banaezinean asimilatzeko tranpa bat osatzen du, baina ez alde guztien borondatez, baizik eta inposaketa eta indarrez jazartzen den alde baten erabakiz, espainiarrena hain zuzen. Kontuan izan beharreko elementua dugu hau, izan ere, sektore politiko batzuk estrukturalki baldintzaturiko erreforma estatutarioen defentsa tranpatiaren bidez jendartea erakarri nahi dute.

Zentzu honetan, Konstituzioa eta berau interpretatzen duen Epaitegi Konstituzionala Euskal Herria eta Katalunia bezalako nazioen kartzela eta kartzelero bilakatu dira, herri grina geldiarazteko harresian bilakatu dira. Konstituzio honetan ez dago ez Euskal Herriaren ez Kataluniaren borondate demokratikoarentzako tokirik. Gure jendarteetako parte bat liluratu nahian erabili zen Estatu plurinazionalaren anuak ez du tokirik Epaitegi konstituzionalak egiten duen interpretazioan. Bigarren trantsizio bat beharrezkoa da, egiazki demokratikoa izango den trantsizio bat, frankismo zein neofrankismoari beldurrik izango ez diona eta Euskal Herriaren eta herri katalanaren borondatearen errespetuan oinarrituko dena.

Erabakitze eskubidea. Hori da Epaitegi Konstituzionalaren eztabaida eta erabakiaren atzean dagoen bataila politikoa. Euskal Herriak pairatzen duen blokeo politikoaren Arrazola da herri borondatearen ukazioa, herri borondate horren instrumentalizazioaren bidez zein PSOE-PP-UPN gisako salbazio nazionaleko paktuen bidez.

Baina hemen gaude. Nazioa garela aldarrikatzen. Autodeterminaziorako gure eskubide zilegia exijitzen. Euskal Herriarentzat marko demokratiko bat eskatzen.

Inoiz baino ageriagokoak diren Euskal jendartearen aldaketa nahiak blokeatu nahi dituzte; baina ez dute lortuko. Euskal Herria agertoki politiko berri bat sortzeko martxan da. Aitortza nazionala eta autodeterminazio eskubidea eskuratzeko martxan, bide politiko eta demokratikoetatik indarrak metatuz eta aktibatuz martxan. Irmotasunez, konpromisoz eta determinazioz.

Herritarrek erabaki dute dagoeneko Euskal Herriko aldaketa politikoaren motore izan nahi dutela. Horregatik, eragile politiko, sozial eta sindikal guztiei dei egiten diegu aliantzak josteko, konfiantza ezak gainditzeko, norabide berean ibiltzeko. Norberaren izaeraren errespetutik, erritmo propio eta desberdinduetan, bai, baina norabide berean. Izan ere, herri honen erabakitze eskubidearen defentsa egiten dugunok ez dugu aitzakiarik serioski elkarlanean aritzeko. Gehiengo sozial hori irudikatzen hastea nahi baldin badugu, guztiok beharrezkoak garela izan behar dugu argi; inor ez dago soberan.

Lagunok, Euskal Herria nazioa da, eskubide demokratikoen jabe gara, gure arazo instituzional, ekonomiko eta sozialen inguruan erabaki nahi dugu, bere inguruarekiko elkartasunean eta arduratsu ariko den nazioa eraiki nahi dugu burujabetzatik. Eskozia, Irlanda, Groenlandia edota Flandriaren borroka berean gaude. Eurek bezala, izaera instituzional propioz Europako Estatu eta nazioen unibertsoan txertatu nahi dugu.

Manifestazio hau urrats bat gehiago da nazio aitortzan. Hipoteka eta xantaiarik gabe gure etorkizuna erabakitzeko gaitasun gisa ulerturiko Euskal Herriaren burujabetzaren aldeko beste urrats bat.

Agur bero bat Paisos Catalans eta bere herritarrei. Borroka berdinean gaude.


Gora EUSKAL HERRIA ASKATUTA

Visca CATALUNYA LLIURE

No hay comentarios:





© 2008 Soraluzeko Eusko Alkartasuna
Telefonoa 943 75 18 48
easoraluze@gmail.com