2010/03/29


EAk Independentistak plataformak deitutako Aberri Egunean parte hartuko du


Gaurko prentsaurreko honetan Euskadiko Batzorde Eragileko kideok bildu gara Eusko Alkartasunak Independentistak plataformak deitutako Aberri Egunean parte hartuko duela ofizialki iragartzeko. Erabaki hori Zuzendaritza Nazionalak hartu eta Batzar Nagusiak berretsi egin du.


Gure afiliatuei eta gure oinarri sozialari Hendaiatik eta Irundik aterako diren martxa bietan parte hartzera dei egin diegu eta erantzuna oso positiboa izaten ari da benetan. Independentistak plataformak antolatutako ekimen horretan parte hartzeaz gain, Eusko Alkartasunak Aberri Egunean ohikoa den bazkaria egingo du Oiartzunen.


Eusko Alkartasunako afiliazioan ilusioa ikusten ari gara, abertzaleok Aberri Eguna elkarrekin ospatzeko aukera zabalik dugulako, eta ilusio hori, uste dugu, orokorra da abertzale guztien artean, jendea aspaldiko partez elkarlana eskatzen ari zaigulako alderdi subiranistoi.


Elkarlana, hala ere, zaila da behin baino gehiagotan apurtutako konfiantzak berreskuratu eta alderdikeriak alde batera utzi behar direlako, baina merezi du gatazka gainditzeko. Independentistak plataformak ematen duen aukera, beraz, ezin hobea da EAk sustatu nahi duen ekintza batasuna agertzeko.


Oinarri sozial subiranistak erantzunak eskatzen ditu, are gehiago hauteskunde autonomikoez geroztik, hortik ateratako Jaurlaritza gehiengoaren borondatearen kontrakoa delako. Unionismoak urtebete darama jada Ajuria Enean, eta urte asko Nafarroan, eta horrek inboluzioa ekarri du autogobernuaren ikuspegitik.


Argi dagoena zera da: unionistak elkartzeko gai direla, baina ez proiektu politiko bat garatzeko, boterea lortzeko baizik. Eta horretarako hesi guztiak gainditzen dituzte, Estatuan ezinezkoa dena Euskal Herrian posible bihurtzeko. Bitartean, abertzaleok ika-mika ibili gara eta urteak galdu ditugu alferrik, indarkeria oztopo gainditu ezina izanik. Horregatik, Eusko Alkartasunarentzat funtsezkoa den akordioa lortu dugunean, hau da, independentzia lortzeko bide demokratikoek eta zibilek bakarrik balio dutela, ezin dugu aukera alferrik galdu eta lanean jarraitu behar dugu. Hori sekulako aurrerapausoa da Euskal Herrian bakea lortzeko, inork ez duelako indarkeria tresna politiko gisa justifikatzen eta, ondorioz, bere desagerpena hurbilago dagoelako.


Hala eta guztiz ere, ETAk bereari eusten dio eta muzin egiten die politikatik egindako eskakizunei. Indarkeria inoiz ez da bidea izango independentzia lortzeko. Eusko Alkartasunan argi dugu: eskubide guztiak pertsona guztientzat eta herri guztientzat, hori da bermatu behar dena.


Hori abiapuntutzat hartuta, elkarlana eta mugimendu subiranista anitza eta baketsua martxan jartzeko bidean gaude, hori baita euskal gizartearen gehiengoak nahi duena. Eusko Alkartasunak berretsi egiten du, beraz, Aberri Eguna batera ospatzeko baldintzak betetzen direla, eta hori dela, gainera, oinarri sozial subiranistak nahi duena. Marko politiko berria lortzeko elkarlanean aritzeko gai garela erakusteko unea iritsi zaigu independentzia aldarrikatzen dugunoi.


Ekintza batasun hori da, zehazki, PSE eta PP beldurtzen dituena, mugimendu subiranista eta baketsu batek bertan behera utziko lukeelako Estatu espainolaren estrategia osoa. Estatua ahal duen guztia egiteko prest dago independentisten arteko ekintza batasuna oztopatzeko; guk horri aurre egin behar diogu eta horixe egingo dugu Aberri Egunean.


Horregatik, eragile sozial eta sindikalei, alderdi politikoei eta, oro har, euskal herritar guztiei dei egiten diegu igandean Irunen eta Hendaian ospatuko dugun Aberri Egunean parte hartzera, salaketa horrekin eta gure herriaren aldeko aldarrikapenarekin bat egiteko.

Jatorria: Eusko Alkartasuna

No hay comentarios:





© 2008 Soraluzeko Eusko Alkartasuna
Telefonoa 943 75 18 48
easoraluze@gmail.com