2009/07/01


Patxi Lopezen Gobernuaren hizkuntz politikak euskaldunen eskubideen urraketa ekarriko duela salatu du EAk Legebiltzarrean


Eusko Alkartasunak kezka handiz jaso ditu Patxi Lopezen Gobernuak euskarari, euskalduntze prozesuari eta hizkuntz politikari buruz egin dituen lehenengo iragarpenak. Isabel Celaak eta Blanca Urgellek, Hezkuntza eta Kultura sailburuek, hurrenez hurren, atzo bertan Legebiltzarreko Kontrolerako Osoko Bilkuran esandakotik "Administrazioak bi hizkuntz ofizialetan hartuak izateko hiritarren eskubidea aitortzen duten legeak praktikan urratu egingo direla ondorioztatu behar dugu derrigorrez eta horrek euskaldunen eskubideak urratu egingo direla esan nahi du", ohartarazi du Jesus Mari Larrazabalek.

Jaurlaritzatik iragarritako asmoei aurre eginez, EAko legebiltzarkideak neurri zehatzak eta eraginkorrak exijitu ditu legeak dioena betetzeko eta, beraz, Administrazioarekiko harremanetan hiritarren hizkuntz eskubideak bermatzeko. Zentzu honetan, Larrazabalen aburuz, oso larria da Osasun sailburuak Osakidetzan egingo diren Lan Eskaintza Publikoetan euskararen garrantzia murriztu nahi izatea eta, baita ere, Kultura sailburuak horrelako burugabekeria bat normaltzat jotzea: "Aurrerapausoak eman beharrean, orain dagoenari eustea ere ez dute proposatzen eta kontrakoa egiten dute, atzera jo nahi dute. Ez dago progresiorik, erregresioa baizik; hau da, arazoa ez da ez garela pertsona guztien hizkuntz eskubideak bermatzeko helburura hurbiltzen, hortik urruntzen ari garela baizik".

Hezkuntzan hizkuntz ereduen aurka
Ildo honi jarraituz, Hezkuntza sailburuak hiru hizkuntz ereduen sistemaren alde eginiko apustua gaitzetsi du EAko legebiltzarkideak, Isabel Celaak esan ez bezala, A eredua aldatzea ez delako legea betetzeko eta hizkuntz ofizialak ikasten direla bermatzeko aski. "Sailburuak borondate kontua dela esaten digu, posible dela A eredua berrantolatzea eta eredu horretako ikasleak DBH amaitzean bi hizkuntz ofizialak erabiltzeko gai direla bermatzea, baina hori ez da egia, borondatea ez da nahikoa. Borondate osoa jar dezaket nik baina inoiz ez dut Everest eskalatzea lortuko. Ereduen sistemarekin gauza bera gertatzen da; 25 urteko eskarmentua dugu eta agerian dago A ereduak ez duela euskalduntzen eta konponbidea ez dela asignatura bat gehiago euskaraz ematea. Bide horren alde egiteak porrotera eramaten du".

Larrazabalek, beraz, ereduen sistema gainditzearen aldeko EAren apustua berretsi du. Sistema horren ordez, EAk euskara, gaztelania eta ingelesarekin batera, hizkuntz nagusia izango duen eredu bakarra proposatzen du. "Hauxe da Hezkuntza sailburuak berehala eta aitzakiarik gabe bete behar duen eginkizuna, PPk inposatu nahi dizkion ildoei jaramonik egin gabe; lege berria egin behar du ikasleak, derrigorrezko ikasketak amaitutakoan, bi hizkuntz ofizialen jabe direla eta, ingelesari dagokionez, nahikoa ezagutza dutela bermatzeko".

No hay comentarios:





© 2008 Soraluzeko Eusko Alkartasuna
Telefonoa 943 75 18 48
easoraluze@gmail.com