2009/04/17


Nazio estrategia bateratu baten alde egin behar dela dio Nazio Eztabaida Guneak


Irun eta Hendaia bitartean egindako Aberri Eguna «azken urteetako jendetsuena» izan dela nabarmendu du Nazio Eztabaida Guneak. «Pentsaera askotako eta sektore askotan dabiltzan ia ehun lagunen deialdiari milaka eta milaka lagunek erantzun zioten». Aurretik, baita egun berean ere, deialdiak izan zuen babesa ikusita, balantzea «oso baikorra» dela adierazi du. Orain, ordea, milaka abertzalek egindako deialdiari bide eman behar zaiola ohartarazi du. «Estrategia nazional komun bat antolatzeko urratsak egin behar dira». Uda atarian nazio osorako ekimen berria antolatuko duela iragarri du.

Gipuzkoa eta Lapurdi lotu zituen martxak utzitako «argazkiak» ondorio «argiak» utzi dituela dio Nazio Eztabaida Guneak. Igandeko hitzorduak, alderdien edo eragileen gainetik oinarri abertzalearen «nahia eta borondatea» erakutsi zuen. «Abertzaletasunaren barruan dauden pentsaera eta sektore asko metatzea lortu zen». Horiek horrela, gaur egun dauden «mugak» gainditzeko premia hedatu zela uste du. «Euskal Herriari ezartzen zaion lurralde zatiketa gainditu behar dela irudikatu zen». Hori ez ezik, abertzaletasunaren barruan dauden «ezberdintasunen eta mugen» gainetik «burujabetza lortzeko» bide bateratua egitea posible dela baieztatu du Nazio Eztabaida Guneak.

Aberri Egunean oinarri abertzaleak Euskal Herriaren aldeko «estrategia nazionala» aldarrikatu zuela gaineratu du Nazio Eztabaida Guneak. «Herri gisa pentsatu eta aritu behar dugula eskatzen dugu abertzaleok». Igandean, ezberdintasunak albo batera utzi eta «batzen gaituzten» elementuen gainean nazio eraikuntza estrategia «eraginkor bat» abian jartzeko beharra zabaldu dela uste du. «Norbere interesetatik, nazioaren behar eta interesen ikuspegia jorratuz, burujabetzara eramango gaituen bidea egitera deitu zuten milaka abertzalek».

Horrez gain, Nazio Eztabaida Guneak igandeko martxaren alde lan egin eta parte hartu zuten guztiak zoriondu ditu, eta Aberri Egunaren «arrakastaren giltzarria» horien guztien «bultzada» izan zela nabarmendu du. «Hainbeste jendek egindako ahalegina eta jarritako ilusioa nabarmentzea oso garrantzitsua da».

Konpromisorako garaia

Milaka abertzalek Aberri Egunean egindako deialdiari bide ematea beharrezko jo du Nazio Eztabaida Guneak. Horretarako, ordea, eragile guztiek «zer egiteko eta zer emateko» prest dauden hausnartu behar dutela nabarmendu du. «Norbere ikuspegitik, nazio ikuspegian oinarrituriko estrategiarako bidea egiteko konpromisoa agertzeko garaia da». Era berean, Euskal Herria nazio bat dela eta nazio gisa «burujabe» izateko beharrezko dituen «ahalmenak» eta «tresna» juridiko, politiko, ekonomiko eta kulturalen aldarrikapenak segida izan behar duela adierazi du. «Igandeko argazkiak badu oinarririk eta oinarri horri eskaintza berriak egin behar zaizkio».

Datozen hilabeteetan, Nazio Eztabaida Guneak abertzaleen eta herri sektoreen arteko «indar metaketa eta estrategia nazionalerako aukerak» aztertuko ditu. «Burujabetzara eraman behar gaituen herri estrategiarako baldintza sozialen azterketa sakonduko du, horrela Euskal Herriaren ikuspegitik lehentasunak ondorioztatzeko».

Iturria Berria

No hay comentarios:





© 2008 Soraluzeko Eusko Alkartasuna
Telefonoa 943 75 18 48
easoraluze@gmail.com