2009/01/26


Udaleko gobernu taldearen erantzuna PSEren adierazpenei

Soraluzeko PSEEko zinegotzi den Patricia Borinaga andereak DVri egindako adierazpenak arretaz irakurri ostean, zehaztasun eta argibide batzuk egin nahi genizkioke egin dituen tonuz kanpoko eta inkoherentziaz betetako baieztapen batzuei:

- Zure idatzian diozu, Espainiako Gobernuak emango dituen laguntzak “hito histórico”, “extraordinario” eta “sin precedentes” direla. Gogorarazi nahi dizugu, diru horiek herritarrok ordaindu ditugula zerga bitartez. Besterik gabe.

- Soraluzeko Udal gobernuaren jokaera “sarcástico” moduan izendatzen duzu, Espainiar Gobernuaren diru laguntzak onartu ditugulako . Ba begira. Euskaldunak eta independentistak gara, bai. Uste dugu Espainiar Gobernuak joku antidemokratikoa erabiltzen duela gure ideien kontra egiteko. Dagozkigun diruak gure herria aurrera ateratzeko erabiliko ditugu, geureak direlako. Non dago sarkasmoa hor?

- Espainiako Gobernuari aurkeztu dizkiogun proiektuak, “muy interesantes” eta “vitales” moduan izendatzen dituzu. Bejondeizula. Hain zuzen ere horrexegatik proposatu genituen 2008ko aurrekontuetan ere, baina zuek PP eta PNVrekin batera atzera bota zenituzten. Soraluzen lehen aldiz. Hori bai izan zela “histórico”.

- Euskararen inguruko kontuei dagokienez; “fundamentalismo lingüistico”, “sustituir”, “sumar”, “inponer”, “decreto”… moduko hitzak dabilzkizu. Hitz potolo asko, azkenean, bizitza publikoan euskara hutsean ezer ateratzea ez zaizuela zilegi iruditzen esateko. Halaxe diozue, inongo lotsarik gabe. Zuen logikaren arabera, espainiera da batzen gaituen benetako hizkuntza, Espainian eta hemen, eta beraz, hemen euskara hizkuntza osagarri bat da, 2. mailako hizkuntza, zaindu, maitatu eta gorde behar dena, baina hori bai, kontuz bizitza publikoan euskara hutsean ezer ateratzearekin ( berba bakarreko errotulu bat ere ez). Alegia, gaztelera hutsez dagoena gaztelerarentzat baina euskaraz dagoena elebietan beti, beti. Lege hori hausten bada, zuek salatu egiten duzue.

Ba begira, guri ez eskatu euskara geure herrian 2. mailako hizkuntzatzat hartzeko. Guk gazteleraren etxekolanak aspaldi ditugu eginak. Zuek zarete euskararen etxekolanak egin gabe jarraitzen duzuenak eta horregatik iruditzen zaizue “fundamentalista” –kopeta behar da gero- errotulu koxkor baten, herriko aldizkarian, ikastetxeko patioan edo Udal batzarrean euskaraz egitea. Mesedez, hurrengoan pentsatu bi aldiz euskararen inguruan zerbait esan aurretik, ze oso etsigarria eta humilagarria da herriko euskaldunentzat (%70) oraindik ere alderdi sozialistarengandik horrelako diskurtso kastratzaileak entzuten jarraitu beharra. Ez dugu ulertzen zergatik gizarte moduan herritarrek etorkizunean euskaraz bizi izateko apostu garbia egiten dutenean, euskara 2.hizkuntza izatera kondenatzeko era honetako adierazpenak egiten jarraitzen duzuen. Autokritika pixkat egitea ere ez legoke gaizki, ikusita gainera, euskaraz oinarrizko elkarrizketa bat izateko gai ez den lehendakari gaia aurkeztu duzuela berriz ere. Oso koherentea.

- Azkenik esan nahi dugu,begibistakoa dela Patricia Borinagak egindako adierazpen hauek PSE-PSOEK hauteskundeetara begira hasi duen “superkanpainaren” testuinguruan ulertu behar direla. Gaitzerdi horrela bada.

Soraluzeko udaleko gobernu taldea

9 comentarios:

Plaentxia Ikuspuntua dijo...
Este comentario ha sido eliminado por el autor.
Plaentxia Ikuspuntua dijo...

EA-ko Web orrian dagoenez, zuei erantzungo dizuet:

Soraluzen zaudeten EA-ko zinegotziak faltsu batzuk zarete. Baina faltsu batzuk arlo guztietan, bai herri mailan baita Eusko Gobernu mailan ere (ezta Mikel eta Roque ?). Euskal Gobernuan gauza batzuk esan, eta herri mailan beste batzuk bozkatu. Hori bai dela politika egitea. Beno arrazoia argi dago, Euskal Gobernutik irtetzeko beldurra da hori…

1.- Euskadik ez dizkio zergak Espainiari ordaintzen. Euskal Gobernuan geratzen dira zerga hoiek. Euskal Ogasuna besteganatua dago. Beraz, Espaniatik datorren diru hori, ez da Euskaditik irten. Beste Espainiar herraldeetatik dator. Gobernuan dagoen zuetariko batek jakin beharko luke hori...AHT-a egiteko dirua bezala, zuek Eusko Jaurlaritzan, EAJ eta EB-rekin onartuta.

2.- Zuen idatzian lehenengo puntuan esaten duzuena ikusita, zuena ez da jokarea "sarcasticoa" (zuek erabilitako hitz Erdalduna, ez al dakizue nola den Euskeraz? ISEKARIA da) zuena jokaera FALTSUA da.

3.- 2008-ko aurrekontueran proposatutako 2 proiektuak zuek esan bezala, oso onak dira, baina aurrekontuetan bakarrik ez ziren 2 proiektu hoiek aurkezten, beste punto asko ere agertzen ziren eta aurrekontu osoak onartzen dira edo ezin da ezer onartu. Ondo dakizue zuek hori, puntuka ezin direla onartu, baina ez, arrazoi hori ez da inon agertzen...Informazioa estaltzea deitzen diot nik horri.

4.- Euskera hutsean ateratzen baldin badira gauzak, zuen bozkatzaile askok nola ulertuko dute esan nahi duzuena ? eta oso hurbil dituzuen pertsonak kontutan hartu gabe....Hori bai dela zuen bozkatzaileetan pentsatzea. Baina beno, jarrera hori gauza bat argi usten du, Soraluzen erderaz hitzegin duten %30 biztanleen zinegotziak ez zarete, bakarrik Euskeraz hitzegiten duten %70 biztanleen zinegotziak ain zuzen.

Bestalde Euskaldunon hurrengo Lehendakariak, agian, ez du Euskera oinarrizko elkarrizketa bat egiteko gaitasunik, baina zuekin gobernuan egon den Lehendakariak, Lehendakaria izanda ikasi du euskera, eta hori ez da izan inolako oztopoa Lehendakari izateko.

Edo agian Lehendakari izan aurretik Erdalduna zelako bere argazkia Udaletxeko aretotik kendu zutenean ez zenuten ezer esan, Espainiako Erregearen argazkia kentzea, beno, neretzat ere ez du inolako zentzurik erregetzak, baina DENON Lehendakari demokratiko baten argazkia kentzea ? eta Herri Gobernuan eta Eukal Gobernuan berarekin egonda ezer ez esatea ?….mirezgarria zuen ausardia.

Eta EA-ko Parlamentari guztiak ba aldakite Euskera ?? Badakizue zuek ezetz, ezta? Ez ditut izenik emango, baina hori bai dela FALTSUKERIA galanta, Euskera hizkuntza bakarra aldarrikatzea, eta gero denok gobernatu behar diguten pertsonak, zuek hor jarritako pertsonak, erdeldunak izatea (ez dituzte etxekolanak egin ??)...honek oso argi uzten du zuentzat Euskera ez duela balio askorik, zuentzat nazionalista bozkatzeak bakarrik du balioa ...(ezta izateak ere ez du baliorik zuentzat).

Argi dago zuen jarrera, Euskadiko bi hizkuntza ofizialetatik batean esaten den bezala, “Arrimarse al sol que más calienta…”
Jorge de Castro

Soraluzeko Eusko Alkartasuna dijo...

Kaixo Jorge!!

Bueno, lehenik eta behin pozten nau EAko orri honetan sartzen zarela ikusteak. Iritzixak guztiak dira errespetagarriak, eta eztabaida eta kontrastea demokraziaren oinarria dira. Errespetuz egitea eskertuko nizuke, besterik ez. Eta esaten dituzun hainbat gauza zuzenak ez direnez, erantzun egin nahiko nizuke, nire izenean behintzat, ez daukadalako nire burua faltsutzat, eta ez daukadalako izkutatzekorik ezer. Kritikak, guztiak, onartzeko prest nago, baina insultoak ez. Eta nora erantzun ez daukadanez, hemen erantzungo dizut, irakurriko duzunaren esperantzaz.

Soraluzeko EAk Gobernu Taldean sartzeko hartutako erabakia kritikatu daiteke, inolako zalantzarik gabe, baina argi dagoena da gu lanerako sartu garela Gobernu Talde honetan, eta herriaren alde gabiltzala, guztien alde, pentsatzen dutena pentsatzen dutela,beste inolako helbururik gabe. Uste baduzu hobeto dela lau urtetan ezer ez egitea, ba zure eskubidean zaude, baina nik behintzat hori ez dut konpartitzen.

Lehenik eta behin, EAk Eusko Jaurlaritzan egonik eta Soraluzeko Udalean egonda diskurtso bera dauka, bai euskal gatazkaren inguruan, baita euskararen inguruan ere. Faltsukeriarik, beraz, horretan behintzat ez dago batere. Eta EAk hurrengo hauteskundeen ostean Jaurlaritzatik irten behar badu, lasai asko egingo du, eta berdin Soraluzeko Udaletik, PNV eta PPrekin batera osatzen duzuen gehiengoaz Gobernu Taldea egitea erabakitzen baldin baduzue (edo beste botere batzuek "demokratikoki" horrela erabakitzen badute, gero eta sarriago gertatzen ari den bezala.) Eta puntuz puntu erantzungo dizut:

1.- Euskadiko Autonomi Erkidegoak, zoritxarrez, ordaintzen dizkio zergak Madrili. Zer da ba KUPOA? Egia da Aldundiek zergak jasotzeko eskumena daukatela, baina gero Estatuari ordaindu behar zaizkio, teorian gure lurraldean betetzen dituen eskumenak ordaintzeko. Beraz, ondo ordainduta daude kontu asko. AHT-a ere, estatuko eskumenen artean dago (begiratu hainbeste goratzen duzuen estatutua, eta Konstituzioa. Ni independentista naiz, eta nahiago nuke horrela ez balitz, baina horrela da. Beraz, zilegia iruditzen zait estatutik ere Soraluzeri laguntzea, hori horrela den bitartean. Portzierto, demokrazian (-edo) bizi garenetik, zenbat laguntza jaso du Soraluzek Estatutik?

2.- Ez du komentario haundirik merezi puntu honek. Erdal hitz bat erabiltzeak faltsu bihurtzen bagaitu, zu zeu...

3.-Aurrekontuak ez ziren txarrak, eta hori zuen jendeak ere onartu du. Beste kontu batzuk egon ziren aurrekontuak ez onartzeko, hori argi dago. Baina proiektuak ez ditu on edo txar bihurtzen diruaren jatorriak, eta hori da ikusi dudana momentu honetan. Proiektuak ez dituzue zuek proposatu, ez dituzue zuek landu, baina Madriletik etorritako dirua denez, badirudi zuen proiektuak direla, eta hori ez deritzot zilegia denik.

4.- Guk ez dugu inoiz defendatu gauzak euskara hutsean ateratzea. EAEn bi hizkuntza ofizial daude, eta biak maila berean izatea defenditu dugu BETI. Gustatuko litzaidake erakuts diezadazun EAren idatziren bat, herrira euskara hutsean bidali dena. Eta berdin Soraluzeko udalak bidalitako edozein idatzi, hitzaldi... Eta horrek bermatzen du biztanleen %100entzat lan egitea. Euskara aintzat hartzen ez duenak, horrek baztertzen du biztanleriaren zati bat. Guk hizkuntza biak erabiltzen ditugu. Egiten duguna da euskararen aldeko lana, gaur egun gaztelaniaren parean ez dagoenez, maila horretara hel dadin, baina ez goaz inongo hizkuntzaren aurka. Eta jakina, etxeko lanak egiteko pendiente etxe guztietan dauzkagu, gurean ere bai. Ez daukat hori aitortzeko inolako arazorik. Denok egin behar dugu lan, etxeko lan horiek egiten joateko.

Argazkiarena, ba enfin, asko gustatzen zaizue erabiltzea. Ni Ibarretxe Lehendakari den gobernuko kide naiz, eta ulertuko duzun moduan, Lehendakariaren figura BETI defendituko dut. Beste batzuk dira, tribunalak beraien airera erabiliz, errespetatu ez dutenak. Joan zaitez Euskal Herriko edozein pleno aretotara, eta esaidazu zenbatetan dagoen argazkirik, edozein argazki, ia baten ere ez. Eta erabakia hori izan zen, argazkirik batere ez egotea. Hortik beste ondorio batzuk ateratzea, ba bueno, politika egitea hori dela uste baduzue...

Euskara maitatzea ez dago hitzetan. Egunerokotasunean ikusten da hori, eta hor, benetan, ez dizut ezer gehiago esango.

Eta hurrengo Lehendakaria nor izango den? Oso ziur esaten duzu nor izango den. Dena dela, ni horrek ez nau beldurtzen. Demokratikoki herriak esaten duena nik beti onartu dut, eta lehendakari sozialista bat baldin badago, onartuko dut, eta errespetatu. Baina oraingoan badirudi, orain arte indar guztiek parte hartuta irabazterik izan ez duzuenez, batzuek baztertuta TRANPA eginez saiatuko zaretela. Kalkuluek hori horrela dela esango dizuete beharbada. Ikusiko da, dena den, zer gertatzen den.

Ondo izan eta hurrengora arte.


Mikel Santiago

Plaentxia Ikuspuntua dijo...

Kaixo Mikel,

Oso oker zabiz nire hitzekin, nire izenean idatzi bait dut idatzitakoa, eta ez Alderdi Politiko baten izenean. Bestalde, nik ez ditut zu bezain ikasketa, beraz barkatu nire idazmena, ez bait da zurea bezain “garbia”.

1.- Kupoa etara duzunez, Kupoa zer den jendeari azaldu mesedez, eta Espanian Kupoa ez duten beste herrialdeekin konparatuz zenbat abantaila dituen hau edukitzeak azaldu baita.
Ausarta izan eta azkenengo urteetan Euskadik Kupoarekin zenbat diru eman dio Espainiari, eta Espainiar Gobernuak Euskadin sartu duen dirua zenbat izan den azaldu mesedez. Ondo dakizu orokorrean kontuak Euskadiren alde irtetzen direla…
Eta demokrazia (-edo) hori…zu bai bizi zarela demokrazian, beste batzuk ogia erostera bi lagunekin irten behar dira, ez hitzegin mesedez demokraziaz… badakit, bai, betikoa da, beti gauza berdina irtetzen da, baina ideia ezberdin batzuk edukitzeagatik horrela bizitzea zer den ezagutzen al duzu ?? egoera horretan jarri al zara momenturen batean ? ezetz uste dut…agian egoera hortan biziko bazina zure pentsaera ezderdina izango litzateke. Eta egia esanda, ez dakit nola kontrolatzen garan...

2.- Ez duzu ondo ulertu idatzitakoa edo agian ez dago ondo azaldua. Erdal hitzak erabiltzeak ez zaituzte faltsuak bihurtzen, zuen lehen idatzian agertzen dena bai ordea. Lehenengo puntuarekin lotuta dago, independentistak bai, baina Espaniatik datorren dirua ona da. Eta Kupoa ez sartu erditik, ez bait dauka inongo erlaziorik.

3.- Barkatu, baina aurkeztu diren proiektuetatik bat, ez da zuen ideia izan, EAJ ren ideia izan zen aurreko legealdian, Udaletxean igogailua jartzearena ain zuzen. Arazoa momentu hartan dirurik ez zegoela izan zen.
Bigarren proiektua aldiz, zinea beste ekintza batzuk egiteko egokitzeak, bai izan dela zuen ideia, baina aurreko legealdian ere Polikiroldegia konpontzeko dirurik ez zegoen.

4.- “…baina hori ba, kontuz bizitza publikoan Euskara hutsean ezer ateratzearekin (berba bakarreko errotulu bat ere ez)”. Hitz hauek zuen idatzian daude, eta hau izan da zuen erantzuna errotulu guztiak bi hizkuntzatan jarri behar direla eskatu denean. Eskakisun horri komentario hau egiteak, gauzak Euskera hutsean etaratzearen alde egotea da nere ustetan. Eta gainera Udaletxean onartutako puntu bat da.
Euskera hutsean etararatako idatzi baten adibidea eskatzen didazu, Web orri honetan bertan ba al daude idatzi guztiak erdaraz eta euskeraz ? eta web orria publikoa da ezta ? PSE ri emandako erantzuna ez dut erderaz aurkitzen,egongo da, baina egia esanda ez dut aurkitzen. Eta beste gauzatxo bat, 30 urte egon zarete Gobernuan etxeko lan hoiek egiteko, baina badirudi, batzuk oraindik ere, piper egiten dutela….

Lehendakariaren argazkiari buruz, Euskadiko Udal Aretoeetan argazkirik ez daudela esaten didazu, hori bai argazkia kentzeko pisuko arrazoia. Paradoxikoa da hala ere, nazionalista ez den pertsona batek hau kritikatzea, eta nazionalista eta Gobernu Kide den beste batek argazkia kentzeak normala ikustea. Klaru dago demokrazia neretzat eta zuretzat gauza ezberdina dela. Edo agian demokraziarekin zerikusirik ez dauka, bakoitzak bere baloreak norarte defenditzen dituenarekin baizik.

Euskera maitatzeari buruz, neretzat Euskera, Erdera, Latin edo Ingelesa pertsonak komunikatzeko hizkuntzak besterik ez dira. Zuentzat aldiz eta beti nere ustetan, erradikalizaziorako aitzakia besterik ez da. Mundu hontan hizkuntza ezberdin asko daude, eta Euskera aberasten gaituela egi oso handia da, baina ni pertsonalki ez dut inoiz inor hizkuntza baten atzetik jarriko, ni errespetatzen nauten pertsonak dira lehenengoak, gauza guztien gainetik.
Zorigaitzez, nik orain ez dut Euskera asko erabiltzen, Araban bizi arren, hemen inork ez du Euskera erabiltzen bere egunerokotasunean, beraz, Euskera maite duen jende gutxi dago Araban, eta sentimenduen kontra gutxi dago egiterik. Adibide bezala, bizi naizen herriko Alkatea eta Zinegotzietatik bakarrik batek daki Euskeraz, eta ez da nazionalista.

Eta azkenik, Hausteskundeak irabazteko batzuk baztertuta TRANPA egiten saiatu garela esaten didazu. Berriro esaten dizut, idatzitako guztia nere izenean idatzi dudala, horrela jartzen bait du idatziaren sinaduran. Nik ez dut inor bastertu, eta hortaz asko hitzegin genezake, zeren hortaz zer pentsatzen dudana jakingo bazenu, harrituta geldituko zinake, nere etxean txikitatik balore demokratikoak ondo erakutsi dizkidate eta.

Bukatzeko, guzti hontaz hitzegitea nahi baldin baduzu, badakizu non eta nola aurkitu, beti prest egongo bait naiz ideia ezberdinak dituen txikitatik den lagun batekin hitzegiteko.


Jorge de Castro

Egoitz dijo...

Kaixo mutilak,

Interneten saltseatzen nenbilela zuen idatzixak irakurri dittut eta interesgarrixa pentzau jata.

Egixa esan eta zoritxarrez askotan moduan, tonua ez da egokixena elkar ulertzeko baina tira, hain bildurgarrixa be ezta eta saltsa pixkat komeni da, bestela ez genduke berbarik egingo.

Ez naiz eztabaidan sartuko, nahiz eta badauzkaten zenbait gauza esateko euskararen arluan.

Bakar bakarrik esango dotsuet Jorgen bi parrafo honekin gelditzen naizela:

"Nik ez dut inor bastertu, eta hortaz asko hitzegin genezake, zeren hortaz zer pentsatzen dudana jakingo bazenu, harrituta geldituko zinake, nere etxean txikitatik balore demokratikoak ondo erakutsi dizkidate eta."

"Bukatzeko, guzti hontaz hitzegitea nahi baldin baduzu, badakizu non eta nola aurkitu, beti prest egongo bait naiz ideia ezberdinak dituen txikitatik den lagun batekin hitzegiteko."

Hirugarren batendako tokixa baldin badago ni be apuntatzen naiz tertulixa horretara, ze nik be txikittatik ezagutzen zaittuztet, nahiz eta zuek ez konturatu. Esango dostazue.Benetan dihardut.

Ta EAren blogian sortu dan euskara hutsezko baina guztiz zilegia eta aberasgarrixa dan eztabaida edar honen ostian, azken galdera bat:
noizko Soraluzeko PSEren eta Ezker Abertzaliaren blogak? edo hobeto esanda, noizko herriko eztabaida foro bat interneten edo nahi dozuen tokixan? Hori bai litzakela historikua. Eta nere amets politiko polittenetako bat. Zain gelditzen naiz.

Animo eta ia belaunaldi barrixok asmatzen dogun gauzak oinarte baino hobeto egitten, beti elkarri trapu zikinak botatzen ibili barik.

Agur bat!

Egoitz Unamuno

Oharra: nere argazkixa ez dot sartu ez dakitelako zela egin.

Plaentxia Ikuspuntua dijo...

Kaixo Egoitz,

pozten naiz zure hitzak entzuteaz. Agian arrazoia daukazu eta gure belaunaldiko gazteen eskuetan dago hau aldatzeak. Herri mailan bakarrik baldin bada ere, zerbait lortu dugu.

Elkarrizketan sartzeaz ez dut oztoporik ikusten, baina zuk esan bezala, historia egingo dugu ( eta zure amets politiko polittenetariko bat) eta Plaentxiko Lagunen lehen foroa sortuko dugu, jende gehiago parte hartu dadin. Jadanik sortua dago. Plaentxiko Lagunen Forua deitzen da. ( http://lagunenbloga.crearforo.com/index.php )

Oraindik gauza asko hobetu behar dira, baina Mikel, zu eta hiruron artean zerbait lortu dezakegu. Mikel eta zu herriaren Forua aurrera etaratzeko prest bazaudete, Moderatzaile izan zaitezkete nahi duzuena aldatzeko eta forua pixkat "kontrolatzeko" (Administratzaile bat bakarrik izan daiteke Foruaren arauez, izen baten azpian bakarrik egon bait daiteke), eta hiruron artean Forua aurrera etara genezake. Biztanleen kezkak entzuteko erraminta baliogarria izango da, eta kolore politiko gabeko erraminta bat.

Zuen erantzunaren zain geratzen naiz.

Besarkada bat bioi.

Jorge

Egoitz1 dijo...

Ba, nere aldetik ilusio eta gogo guztia Jorge.

Ez dakit historia egingo dogun ala ez baina zeozer politta egin geinke, herrixan markia lagako dabena.

Herrixan hobetutxuago elkar ulertzeko bidiak ipintzeko, ni beti gertu.

Lanez lepo nabil eta emon egun batzuk honetan pentsatzeko, bale?

Eskerrik asko eta besarkada bat nere partez be!

Ondo izan.

Soraluzeko Eusko Alkartasuna dijo...

Aupa bixori!!!

Ni be lanez gainezka nabil, baina ilusioz hartuko nuke nik ere horrelako gauza bat. Jorgeri esan nahi dizut barkatzeko ez dagozkizun kontuak leporatu banizkizun, ziurrenik inertziak eramanda erantzun nuen, eta ez nintzen,agian gauza batzuekin justua izan, errespetuz idazten saiatu nintzen arren.

Lagunak gara oso txikitatik eta seguru nago bion borondatea guztion arteko elkarbizitza hobetzea dela eta danon arteko errespetua lortzea, gutxienez herrian. Eta berdin pentsatzen juat hiregaittik be bai, Egoitz.

Ideiak kontrastatzeko beti prest nago, eta hori bultzatzeko zerbait egin badezakegu, ahal dudan neurrian lagunduko dut.

Ia ba Egoitz zerbait bururatzen jaken.

Egun ona izan bixok eta laster arte!!!

Mikel Santiago

Unknown dijo...

Egun on,

joe barkatuko dostazue baina lanez lepo eginda nabil eta ezin astirik hartu gai honi heltzeko.

Nik bi proposamen nere aldetik:

- Arabako bodegaren baten bazkari bat egittia mano a mano hirurok.

- Eta hori egin ostian, Soraluzez eta politikaz berba egiteko foro bat zabaltzia interneten. (Jorge, zuk zabaldu zenduana itxita dago ezta?)

Zer diñozue?

Egoitz





© 2008 Soraluzeko Eusko Alkartasuna
Telefonoa 943 75 18 48
easoraluze@gmail.com